Gizartea -
San Sebastian Eguna
Danbor-hotsen zain
Gauerdian hasiko dira danborrak astintzen Donostian eta hortik aurrera 24 orduz, inolako etenik gabe, entzungo dira plaza, kale eta txoko guztietan. Jarraitu danborrada zuzenean.
Erredakzioa
20.000 donostiar, 12.611 gizon eta emakume, 6.882 ume, eginkizun bakarra: gauerditik aurrera musika eta danbor-hotsak Donostiako plaza, auzo eta txoko guztietara eramatea San Sebastian Eguna ospatzeko.
Gaztelubide danborradak emango dio hasiera festari gaur gauerdian Konstituzio Plazan, beste 75 konpainietako ordezkarien laguntzarekin. San Sebastian martxa jotzean, Odon Elorza alkateak Donostiako bandera jasoko du Udal Liburutegiko balkoian. Aurtengoa berezia eta hunkigarria izango da, izan ere, Gaztelubideko Danbor Nagusiak, Jesus Maria Abadek, azkeneko aldiz zuzenduko du Donostiako danborrada. 15 urte egin ditu Gaztelubide zuzentzen eta gauerdiko lehen danborradan Jose Ramon Mendizabali emango dio lekukoa. Hortik aurrera, 24 orduz etengabe entzungo dira danborrak Donostiako izkina guztietan. Guztira, 107 danborrada izango dira, horietako % 87 gizonezkoek eta emakumezkoek osatuko dituzte; % 13a, berriz, gizonezkoek soilik. Asteazken goizean umeak izango dira protagonista nagusiak Donostiako kaleetan. Haurren danborradan 52 konpainiek hartuko dute parte. Umeak danborrak astintzen ari diren bitartean, eguerdian, eguneko ekitaldirik garrantzitsuenetako bat izango da Donostiako Udaletxean: Urrezko Danborraren banaketa. Aurten golardoa La Oreja de Van Gogh taldeak jasoko du.
Donostiako Danborrada ETB-1, ETBsat eta eitb.com-en jarraitu ahalko da zuzenean, astearte honetan, gaueko 23:30etatik aurrera.