Gizartea -
Galdakaon
Gizon bat atxilotu dute, autoarekin emakume bat harrapatzeagatik
Biktima ospitaleratuta dago, baina ez dute haren zaurien berri eman. Atxilotua 22 urteko gizonezko bat da, eta emakumea nahita harrapatu izana leporatu diote.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak eta Galdakaoko Udaltzaingoak 22 urteko gizonezko bat atxilotu dute ostiral arratsalde honetan Galdakaon, ibilgailuarekin emakumezko bat nahita harrapatzeagatik.
Jazoera bi gidarien artean izan da, ezohiko trafiko-maniobra baten ostean. Horrek trafiko-errieta eragin du eta, geroago, bi autoen arteko pertsekuzioa.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, emakumearen harrapaketa 19:30ak aldera izan da, Bengoetxeko auzoan, Galdakaon. Gidari batek emakumezko bat harrapatu duela jakin du ordu horretan Ertzaintzak.
Geroago Ertzaintzak jakin izan duenez, jazoera ezohiko trafiko-maniobra baten ondorioz izan da, N-634 errepidean, Galdakaon bertan. Eztabaidaren ostean, bi kotxeen artean pertsekuzioa izan da, eta leku zehatz batera heldu direnean, bi gidariak ibilgailuetatik jaitsi dira, eta borroka egiten hasi dira.
Liskar horren bitartean, 22 urteko atxilotuak emakumea ibilgailuarekin nahita harrapatu du, eta bertatik ihes egin du. Geroago, gizonezkoa Galdakaoko Udaltzaingoan azaldu da, eta Ertzaintzari abisua eman ostean, atxilotu egin dute, eta izapideak abiarazi dituzte.
Bestalde, biktima Galdakaoko Ospitalera eraman dute, eta ospitaleratuta jarraitzen du, baina ez dute haren zaurien berri eman.
Larunbat arratsalde honetan, atxilotua epailearen aurrera eraman dute.