Gizartea -

Valentzian

Emaztea ustez hiltzeagatik atxilotutako zinegotzia hilda aurkitu dute

Joan den uztailaren 29an haren etxebizitzan izandako sute batean hil zen haren emaztea, eta horrekin lotura izan zuelakoan atxilotu zuten Manuel Cobo zinegotzia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Manuel Cobo Serra udalerriko zinegotzia urkatuta aurkitu dute Picassenteko espetxeko gela batean, Valentzian. Joan den uztailaren 29an haren etxebizitzan izandako sute batean hil zen haren emaztea, eta horrekin lotura izan zuelakoan atxilotu zuten Cobo.

Espetxeko iturriek jakinarazi dutenez, egunaren lehenengo orduan presoen zenbaketa egin dute, eta orduan funtzionarioek Manuel Cobo urkatuta aurkitu dute Erizaindegiaren gela batean. Suizidioak prebenitzeko protokoloaren mende zegoen zinegotzia.

Valentziako Justizia Auziegi Nagusiak jakitera eman duenez, Picassenteko Instrukzioko 3. Epaitegiak Coboren hilotza eramateko agindu du, eta heriotzaren nondik norakoak argitzeko ikerketa abiarazi du.

Manuel Cobo joan den ostiralean espetxeratu zuten, emakumearen aurkako indarkeria epaitzeko eskumenak dituen Lliriako 4. Epaitegiak aginduta. Uztailaren 29an izandako emaztearen heriotzarekin lotura izatea egotzi zioten Cobori.

Orduan, epaileak behin-behineko espetxealdia ezarri zion Cobori, komunikatua eta fidantzarik gabekoa, eta bi seme-alaben gaineko guraso-agintea kendu.

Auzia sekretupean dago, eta balizko hilketa delitu batengatik epaituko dute, susmagarriak epailearen aurrean deklaratu ostean. Atxilotua Esquerra Unidako zinegotzia zen Serra udalerrian, Valentziatik 28 kilometrora. Esquerra Unidaren erkidegoko zuzendaritzak zinegotziaren berehalako baja bideratu zuen.

Jazoera joan den uztailaren 29an izan zen, 16:30ak aldera. Sute bat piztu bat etxebizitzan eta, horren ondorioz, emaztea hil zen, eta Cobo bera, alaba bat eta guardia zibil bat arin zauritu ziren, kea arnastuta.

Cobo Valentziako Arnau de Vilanova Ospitalera eraman zuten, eta guardia zibila, berriz, Nou de Octubre Ospitalera. Alabak, aldiz, ez zuen ospitalera joateko beharrik izan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Espainian