Gizartea -
Osasuna
Leku publikoetan bularra ematea eskubidea da orain
EAEko amei eskubide hori aitortu berri die Euskadiko osasun-sisteman pertsonek dituzten Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Adierazpenak.
EITB.EUS
Leku publikoetan seme-alabei bularra emateko eskubidea dute ama guztiek Euskal Autonomia Erkidegoan. Hala aitortu die berriki, uztailaren 21ean, onartu duten Euskadiko osasun-sisteman pertsonek dituzten Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Adierazpenak. Lehen aldiz egin du, gainera, aurretik ez zegoelako eskubide gisa onartuta.
Inork gutxik jar lezake zalantzan bularra ematea oso ona dela amarentzat eta haurrarentzat, baina leku publikoetan ematea eztabaida eta lotsa iturri da askorentzat. Osakidetzaren erabiltzaileek dituzten eskubide eta betebeharrak jasotzen dituen gutunak auzia argitu du, alderdi legaletik behintzat.
Zehazki, adierazpenaren 9. artikuluak, sexu eta ugalketa-osasunari lotutakoak, jasotzen du eskubide hori, El Diario egunkariak gaur kaleratutakoaren arabera.
Bertan jasotzen denez, "seme-alabei bularra edozein lekutan emateko eskubidea" dute emakumeek, baita "amagandiko edoskitzeari buruzko informazio eta prestakuntza jasotzekoa" ere.