Gizartea -
Gabriel Aresti etorbidean
Bost auto erre dira Bilbon
Sua edukiontzi batean sortu da, eta ondoan zeuden sei edukiontziek ere su hartu dute. Ertzaintzak ikerketa hasi du sua nola piztu den argitzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Bost auto kiskali dira Bilbon, sute baten ondorioz. Edukiontzi batek su hartu du bart, eta horren ondoan zeuden beste sei edukiontziek ere su hartu dute, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Sua 23:00ak aldera hasi da, Gabriel Aresti etorbideko edukiontzi batean, eta berehala zabaldu da ondokoetara. Sutea suhiltzaileek itzali dute, baina edukionzi horien ondoan zeuden bost auto ere erre dira. Ibilgailu horietako batzuek kalte material handiak dituzte.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, Ertzaintzak ikerketa abiatu du sua nola piztu den argitzeko.