Gizartea -

Emakumeen kontrako indarkeria

Matxeteekin amari mehatxu egin zion gizon bat atxilotu dute Gasteizen

Epaileak amarengandik urruntzeko agindua eman dio 25 urteko gizonezko bati. Tratu txarren aurkako telefonoa: 016.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

25 urteko gizonezko bat atxilotu du Udaltzaingoak Gasteizen amari lau aiztorekin eta bi matxeterekin herio-mehatxua egitea egotzita.

Udalak jakitera eman duenez, abuztuaren 21eko goizaldeko bostak baino lehentxeago izan zuten gertakariaren berri, amak Udaltzaingoari deitu zionean.

Etxeko logela batean gotortzea lortu zuen emakumeak, semeak herio-mehatxua egin ostean. Dirudienez, gizona jarrera oldarkorrarekin sartu zen etxean, aurrean harrapatzen zuen guztia txikitzen eta irainka eta mehatxuka.

Hainbat agente bertaratu ziren Zaramaga auzoko etxebizitzan, eta biktimak etxeko giltzak jaurti bazizkien ere, atea bota behar izan zuten, segurtasun katea jarrita baitzuen, eta gazteak etxean sartzen zen oro hiltzeko eta bere buruaz beste egiteko mehatxua egin zuen.

Udaltzainak, hala ere, etxean sartu ziren eta emakumea bertatik atera zuten, eta semeari jarrera hori alboratzeko esan zioten. Azkenean, 05:45 aldera, gizona etxetik atera zen, besoetan eta aurpegian hainbat zauri zituela, eta lau aizto eta bi matxete atzeman zizkioten.

Horren aurrean, ospitalera eraman zuten, zauriak artatzera, eta Psikiatria unitatean ingresatu ostean, senda-agiria jaso zuen. Epaileak amarengandik urruntzeko agindua ezarri zion.

Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira biak, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Espainian Gasteiz albisteak