Gizartea -

Euriteak

Gizonezko bat hil da Granadan, urak eramanda

Euri erauntsitik babesteko sartu omen zen auto barruan 61 urteko gizonezkoa, baina urak autoa eraman zuen.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

61 urteko gizonezko bat hil da gaur Granadako Rubite herrian, haren autoa urak eraman ostean, Guardia Zibilak eta 112 larrialdi zerbitzuek jakitera eman dutenez.

11:45 inguruan jaso du abisua Guardia Zibilak, auto bat urak zeramala eta barruan gizonezko bat zihoala esanez.

Gizona Caseroneseko hondartzan aurkitu dute, hilda, eta haren autoa ez dute oraindik topatu. Guardia Zibilaren lehen hipotesiaren arabera, euri erauntsitik babesteko sartu zen auto barruan 61 urteko gizonezkoa, baina urak autoa eraman zuen.

Granada alerta egoeran dago euriagatik eta ekaitzengatik, Espainiako beste 13 probintzia bezala. Hala ere, inguru kaltetuenak Granadako, Almeriako zein Valentziako erkidegoko kostaldeak izaten ari dira; toki batzuetan metro koadroko 40 litro espero dituzte.

Hegaldiak desbideratu dituzte Malagako aireportuan

Gaur goizean Malagako aireportuan lur hartzekoak ziren nazioarteko zazpi hegaldi bertan behera gelditu dira, ikusmen faltagatik, eta Sevillako aireportura desbideratu dituzte.

AENAk jakitera eman duenez, Sevillara desbideratu dituzten hegazkinak Londresetik, New Yorketik, Genevatik, Zürichetik eta Glasgowetik zetozen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea