Gizartea -
Gazta txapelketa
Zeanuriko Ipiñaburu, Ordiziako gaztarik onena
Bizkaiko gaztandegiak egindako gaztaren erdia Catalana Occidentek bereganatu du 7.600 euroren truke.
Agentziak | Erredakzioa
Zeanuriko (Bizkaia) Ipiñaburu gaztandegiak egindako gaztak irabazi du Ordiziako XLII. Txapelketa. Gaztaren erdia Catalana Occidentek bereganatu du 7.600 euroren truke. Iaz Ampo kooperatibak 13.050 euro ordaindu zituen, orain arteko errekorra.
Besteak beste, Martin Berasategi, Pedro Subijana, Elena Arzak eta Hilario Arbelaitz sukaldariek epaimahaia osatu dute. Jon Plazaola aktoreak gazta irabazlea aukeratu du. Guztira, Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako 48 gazta aurkeztu dituzte.
Jon Etxebarria gaztandegi irabazleko jabea pozik azaldu da sariarekin. Duela hiru urte ere irabazi zuen. “Gazta ketua da eta otsailaren 28an egin genuen, udaberria Bizkaian. Urduri nengoen, baina orain zeruan nago”, adierazi du.
Puri Arrieta emazteak kontsumitzaileei eskerrak eman dizkie, “honetan bizi ahal izateko aukera ematen digutelako”. Bestalde, esne ekoizleak gogorarazi ditu Arrietak, “gaizki pasatzen” ari direlako.
Ordizia, Goierriko erdigune gastronomikoa, gaztaren hiriburu izan da asteazken honetan berriz, Euskal Jaietako azoka bereziaren beste edizio batean.
Eguerdian izan da latxa ardi gaztaren 42. Lehiaketa. Juan Mari Arzak sukaldari ezaguna buru izan duen epaimahaiak 13:00 aldera eman du irabazlearen izenaren berri, eta ondoren hasi da enkantea.
Azoka berezia
Hala eta guztiz ere, gaztarena ez da izango egingo den lehiaketa bakarra. Izan ere, frutak, ganadua, lumagorriak, perretxikoak eta barazkiak ere lehiatu dira.
Herri osoan jarritako dozenaka postutan banatuta, bisitariek jai giroan ikusi eta erosi ahal izan dituzte baserritarren produktu onenak.
Profesionalen pilota jaialdia ere egon da Beti-Alai pilotalekuan.