Gizartea -

Polemika

Maroto: 'Homosexualen arteko ezkontzak albiste ez izatea nahiko nuke'

PPren idazkariordea irailaren 18an ezkonduko da, bere mutil-lagunarekin. Rajoy gonbidatuta dago. PPk ukatu egin du presidentea joatearen harira eztabaida dagoela.

Maroto eta Rajoy, elkarrekin, kazetarien aurrean. EFE
Maroto eta Rajoy, elkarrekin, kazetarien aurrean. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier Maroto PPko idazkariorde eta Gasteizko alkatea irailaren 18an ezkonduko da bere mutil-lagunarekin. Ezkontzak baino, Mariano Rajoyk hitzorduan (gonbidatuta dago) egotearen egokitasunak sortu du harrabotsa. Marotok gaur nabarmendu duenez, espero du laster homosexualen arteko ezkontzak albiste izateari uztea.

"2015. urtean kalean normala dena Legearen baitan normala izatea naturala da", esan du Cope irrati kateari eskainitako elkarrizketa batean.

Adierazi duenez, "gustatuko litzaidake 18an egingo dugun ezkontza albiste ez izatea". Marotoren iritzian, "egun horretan normaltasuna lortuko dugu, eta helburu hori dut nik politikari gisa baino, pertsona gisa".

Gasteizen izango al da Rajoy?

El Mundo egunkariak gaurko alean dakarrenez, eztabaida dago PPren baitan gobernuburua ezkontzan egon behar duen edo ez. Egunkariaren arabera, Fernandez Diaz ministroak ez du egoki ikusten, homosexualen arteko ezkontzak baimentzen zuen legearen kontrako errekurtsoa aurkeztu baitzuen PPk Auzitegi Konstituzionalean.

Rajoy ezkontzan izango ote den galdetuta, zuhur agertu da Maroto: "Agenda konplikatua du eta egokien ikusten duen moduan jokatuko du", adierazi du. Kataluniako hauteskunde kanpaina bete-betean egongo da egun horretan, eta Rajoy Gasteizen egon, edo Bartzelonan, "estimu bera" izango diola agertu du.

PPk sexu bereko lagunen arteko ezkontzen legea onartua duela azpimarratu du Marotok. Argudiatu duenez, ez du moldatu, alderdiak Kongresuan gehiengoa duen arren.

Alfonso Alonso Osasun ministro eta Gasteizko alkate ohiari ere galdetu diote auziaz. Esan duenez, "homosexualen arteko ezkontza ez dago ezbaian, iraganeko eztabaida izan zen". Haren hitzetan, ez da eztabaidarik izan Rajoy Marotoren ezkontzara joan behar ote duen edo ez eta "kontu pertsonal" bat dela azpimarratu du.

Antzeko adierazpenak egin ditu Esperanza Aguirre PPk Madrilen duen presidenteak: "Ez gara sekta bat. Denentzako lekua dago", nabarmendu du.

Maroto, trending topic

Maroto hitza Twitterren gehien erabiltzen ari diren joeren artean dago gaur. Polemika txisteak egiteko erabili duenik ere bada:

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PP Mariano Rajoy Gizartea LGTBI+ azken ordukoa