Gizartea -
Lan-istripua Nafarroan
Kamioilari bat larri zauritu da Esako urtegian
Harriz eta lurrez beterik zihoan kamioia presaren oinetik 150 bat metrora irauli da. 54 urteko zaurituak burezurreko traumatismoa du.
Agentziak | Erredakzioa
54 urteko kamioilari bat larri zauritu da Esako urtegiaren presatik hurbil dagoen mendi-bide batean bere ibilgailua iraulita, Nafarroako Gobernuak ohar batean jakitera eman duenez.
23:59an eman diote lan-istripuaren berri Nafarroako larrialdi zerbitzuari, Foru Gobernuaren arabera. Zaurituak burezurreko traumatismoa du.
Zangozako suhiltzaileak, guardiako talde medikoa eta bi anbulantzia bertaratu dira. Biktima Nafarroako Ospitalera eraman du anbulantzia batek.
Harriak eta lurra zeramatzan
Harriz eta lurrez beterik zihoan kamioia presaren oinetik 150 bat metrora irauli da. Harriak eta lurra urtegiaren egitura berriak egiteko lanetan erabili behar zituzten.
Foruzaingoak Zangozako polizia-etxeko patruilak eta Iruñeko argiketa talde bat bidali ditu ezbeharra izan den tokira, gertatutakoa argitzeko.