Gizartea -
Lan-poltsak
Langileak hautatzeko prozesua abiarazi du Eusko Jaurlaritzak
Euskadiko Administrazio Orokorrean lan egiteko bederatzi lan-poltsa kualifikatu osatuko ditu: horietatik bost, merezimendu-lehiaketa bidez eratuko dira, eta gainerako laurak, azterketa bidez.
EITB.EUS
Euskadiko Administrazio Orokorrerako langileak aukeratzeko prozesu berria abiarazi du Eusko Jaurlaritzak, Herri-Administrazio eta Justizia Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez. Prozesu horren bitartez, langile kualifikatuk osatutako bederatzi lan-poltsa sortuko ditu.
Prozesu horren helburua izango da, Jaurlaritzaren esanetan, "gazte kualifikatuei lan-aukerak eskaintzea, eta administrazio-langileen batez besteko adina gaztetzea".
Horietatik bost merezimendu-lehiaketa bidez eratuko dira, eta ez da azterketarik egin beharko: industria-ingeniaritza, medikuntza, erizaintza, albaitaritza, eta arkitektura teknikoa. Kasu horretan, honakoak kontuan hartuko dira: espediente akademikoa eta euskararen ezagutza (nahitaezko eskakizuna ez bada), bai eta beste hizkuntza batzuen ezagutza ere.
Gainerako lau lan-poltsetarako, azterketak egin beharko dira: enpresa-zuzendaritza, psikologia, estatistika eta gizarte-lana. Proba horiek urrian egingo dira, eta abendurako poltsak eratuta egongo dira.
Izena emateko epeak
Lan-poltsa horietan izena emateko epea astelehen honetan hasiko da, irailak 21. Industria-ingeniaritzan, medikuntzan, erizaintzan, albaitaritzan eta arkitektura teknikoan izena eman nahi dutenek urriaren 1era arte aurkez ditzakete eskabideak.
Enpresa-zuzendaritzan, psikologian, estatistikan eta gizarte-lanean izena eman nahi dutenek, berriz, datorren ostiral (irailak 25) arteko epea dute. Batean zein bestean, eskabideak online egin beharko dira, IVAPeko webgunean, hain zuzen ere. Gainera, hautatze-prozesuaren inguruko informazio osoa bertan izango da eskura.