Gizartea -

Epaiketaren hasiera

Barakaldon ustez alabaordea hil zuen gizonak bere bertsioa aldatu du

Umea eskaileretatik erori zela esan zuen hasieran, baina orain deklaratu du "oso indartsu" ireki zuela etxeko atea, eta nahi gabe kolpatu zuela.

3 urteko neskatila hiltzeagatik, ugazaitaren kontrako epaiketa hasi da

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2013ko urrian Barakaldon ustez bere bikotekidearen alaba (3 urte) hil zuen gizonezkoa epaitzen hasi dira gaur, Bilbon. Lehen saioan, akusatuak aldatu egin du gertatutakoari buruzko bertsioa. Izan ere, ustezko hilketa jazo zenetik, umea eskaileretatik erori zela esan zuen, baina gaur deklaratu du "oso indartsu" ireki zuela etxeko atea, eta nahi gabe kolpatu zuela.

Epaimahai batek epaituko du gizonezkoa, zazpi emakumek eta lau gizonek osatua.

Fiskalak 18 urteko espetxe zigorra eskatu du akusatuarentzat, azpikeriaz egindako hilketa egotzita; umearen aita biologikoaren abokatuak 20 urte eskatu ditu, eta amak 18 urte. Defentsak, aldiz, aske uztea.

Ustezko hilketa 2013ko urriaren 2an gertatu zen. Egun horretan, akusatua umearen bila joan zen ikastetxera, eta etxera eraman zuen. Bertan, kolpatu egin zuen, Ministerio Publikoaren arabera.

Horren ostean, gizonezkoak esan zuen neska eskaileretatik erori zela, baina autopsiak agerian utzi zuen balitekeela eraso baten biktima izan izana, atzamar markak baitzituen masailezurraren azpian.

Epaiketa urtarrilean zen hastekoa, baina akusatuak ihes egin zuen, eta bertan behera utzi behar izan zuten. Apirilean atxilotu zuten, Frantzian, eta kartzelatu egin zuten, epaiketa hasi arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? Barakaldo EAE Gizartea bideoak Albisteak