Gizartea -

Gasteiz

Guinness marka lortu ez zuen tortillak 50.000 euroko kostua izango du

Udalak baieztatu egin du ordaindu egin beharko duela. Gainera, azaldu duenez, Marotok bazekien marka lortuko ez zuela.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udalak iragarri du 50.000 euro ordainduko dituela Guinness marka haustea lortu ez zuen patata tortillaren truke.

Borga Belandia (EAJ) Ogasun zinegotziak prentsaurrekoan azaldu duenez, Udalak eskuartean duen txosten batek "argi" utzi du Javier Maroto alkate ohiaren Gobernuak jakin bazekiela ezinezkoa zela Guinness marka lortzea. Hala ere, aurrera egin zuen ekimenarekin.

Saiakera iazko abuztuaren 2an egin zuten, Gasteiz Espainiako Gastronomia Hiriburua zela eta. Hilabete lehenago, uztailean, Espainiako Gastronomia Hiriburutzaren zuzendariak mezu elektroniko bat igorri zion Udalari. Horretan, Japonian 11.036 kiloko tortilla egin zutela ohartarazi zion (Gasteizen 4.000 kilokoa egin behar zuten).

Belandiaren esanetan, mezu horrek erakutsi egiten du PPren udal gobernuak bazekiela marka lortzea ezinezkoa zela, eta, beraz, ekimena "ospakizun" huts bat baino ez zela izango.

Saiakeran kale egin eta gero, Maroto 50.000 euroak ez ordaintzen saiatu zen, herrian "zalaparta" sortu zela ikusita, baina ez ordaintzekotan, auzitara joko zutela aurreratu zuten Gastronomia Hiriburutzatik.

Bestalde, Gasteizko PPk "hiriaren interesen aurka" jokatzea egotzi dio Udalari, eta nahiz eta Guinness marka lortu ez, saiakera "onuragarria" izan zela argudiatu du.

EH Bilduk ekimenaren fakturak aztertzea eskatu dio Kontu Auzitegiari, eta Guinness saiakerak ez zuela "ezertarako" balio salatu du. Horren ildotik, herritarrak "engainatzea" aurpegiratu dio Marotori.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea albisteak Gasteiz Eguneko albisteak