Gizartea -

Errefuxiatuak Hernanin

SOS Arrazakeria: ‘Ezin dituzte hiru iheslariak kanporatu’

Poliziak kanporatze-espedientea ireki die Hernanira iritsitako etorkinei, baina SOS Arrazakeriakek esan du “gatazka eremu batetik” ihes egin dutenez, Estatuak babesa eman behar diela.

Hiru iheslariak topatu zituzten kamioia. Argazkia: EFE
Hiru iheslariak topatu zituzten kamioia. Argazkia: EFE
Hiru iheslariak topatu zituzten kamioia. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

SOS Arrazakeria elkarteak esan du “eztabaidaezina” dela Hernanin hozkailu-kamioi batean ezkutatuta topatu zituzten hiru iheslari irakiarrak “gatazka eremu batetik” ihes egin dutela eta, beraz, Estatuak babesa eskaini behar diela, bertan bizitzeko baimenik izan ez arren.

Hiru etorkinetatik bi Gipuzkoako Gurutze Gorriaren zaintzapean daude; hirugarrenak, berriz, Donostiako Ospitalean jarraitzen du.

Gurutze Gorriaren arabera, “shock” egoeran daude eta oraingoz ez dute asiloa eskatzeko urratsa eman. Estatu Islamikoaren beldur, Iraketik ihes egin zuten eta euren asmoa Erresuma Batura heltzea zen, senideak baitituzte bertan.

Espainiako Poliziak kanporatze-espedientea ireki die hirurei, Estatuan bizitzeko edo lan egiteko baimenik ez duten atzerritarrak direlako.

“Asilorik eskatu ez dutela da Poliziaren argudioa, baina horren gainetik oinarrizko eskubide bat hartu behar da kontuan: nazioarteko babesa behar duten pertsonen perfila dutela hiru iheslariek”, azaldu du SOS Arrazakeriakek.

Gainera, “Poliziari laguntzeko prest agertu dira eta hasieratik egindako ibilbidearen inguruko xehetasunak eman dituzte”, erantsi dute.

Hiru iheslarien asmoa Ingalaterrara heldu, beren senideekin elkartu eta asiloa herrialde horretan eskatzea da; horregatik ez dute Espainian asilorik eskatu”, azpimarratu dute.

Amaitzeko, Espainiako Gobernuak giza-eskubideak urratu eta errepresioaren aldeko hautua egin duela salatu dute. “Politika humanoaren alde egin eta giza eskubideak errespetatzeko aukera izan du Espainiak, baina oraingoaren ere bere alderik errepresiboena erakutsi du”, kritikatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioaren albisteak Hernani albisteak Albisteak