Gizartea -
Lan-istripua larria
Elkarretaratzea egingo dute Usurbilen beharginaren heriotza salatzeko
Protesta egingo dute Atallu industrialdearen biribilgunean, asteazken honetan, 12:00etan. Hildako langilea autonomoa zen, eta hainbat lan egiten ari zen enpresa batentzat.
eitb.eus
Usurbilgo lan-istripu larria salatzeko, elkarretaratzea egingo dute Atallu industrialdearen biribilgunean, asteazken honetan, 12:00etan (Ingemar enpresatik gertu; geltokiaren aurrean), LAB sindikatuak jakitera eman duenez.
Atallu industrialdean lanean ari zen langilea aldamiotik erori ondoren zendu zen. Langilea autonomoa zen, eta hainbat lan egiten ari zen enpresa batentzat.
Ezbeharra 16:30ean gertatu zen, astelehenean. Biktimak 56 urte zituen, eta Zumarragako bizilaguna zen.
Hilotza Donostiako Auzitegiko Institutu Anatomikora eraman zuten autopsia egiteko.