Gizartea -
Polemika Nafarroan
NATOk maniobra militarrak egingo ditu Bardean, gaurtik aurrera
Alderdi politikoek eta eragile sozialek manifestu bat argitaratu dute maniobra horien aurka eta tiro-eremuaren gaineko “iluntasuna” salatzeko.
agentziak | erredakzioa
Erriberako alderdi politiko eta sozialak kezkatuta agertu dira asteazken honetatik aurrera NATOk Bardean egingo dituen maniobra militarrak direla eta. Hortaz, herri-ekimen bat abian jarri dute abian jarri eta manifestu bat kaleratu dute, maniobrak eta tiro-eremuaren gainean sortutako “iluntasuna” salatzeko.
"Bardeak herritarrena izan behar du. Nafarroako errealitate soziala, politikoa eta instituzionala aldatzen ari da eta Nafarroan gerra praktikak amaitzeko ordua iritsi da", azpimarratu dute agirian.
Dokumentua ondoko alderdiek eta eragile sozialek sinatu dute: Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Equo; Tutera, Corella, Castejon, Cortes, Fustiñana eta Cascanteko herri-hautagaitzak; Bardenas Ya! elkartea, Castejongo Termiken Plataforma, Valtierrako Aisialdi eta Aurrerapen elkartea eta Tuterako Gazteen Asanblada.
Adierazpenarekin bat egiteko eta datorren urriaren 25ean Tuteran egingo den manifestazioan parte hartzeko gonbita luzatu diete gainerako alderdi politikoei eta eragile sozialei.
Bestalde, Carmen Alba Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak uko egin dio Foru Parlamentuan NATOk egingo dituen maniobra militarren inguruan azalpenak emateko agerraldia egiteari.
“Espainiako Gobernuaren ordezkariak ez gaude behartuta autonomia erkidegoetako Parlamentuetan agerraldiak egitera”, nabarmendu zuen, Nafarroako Ganberan azalpenak emateko eskariaren harira.
Erakustaldi militarra
Espainiako Armadaren esanetan, ‘Trident Juncture 2015’ izeneko maniobra militarrak NATOk azken 10 urteotan egindako garrantzitsuenak izango dira.
Praktika militarrak Estatu espainolean, Italian, Portugalen, ozeano Atlantikoan eta Mediterraneo itsasoan egingo dituzte.
Guztira, 30.000 militarrek hartuko dute parte, eta horietako 20.000 Estatuan izango dira.