Gizartea -
IRUÑEA
Halloweneko kartel batzuk kendu dituzte Iruñean, 'sexistak' direlako
Prostituzio-etxe batek Hallowen egunerako festa iragartzeko kaleratu dituen kartelak dira. Emakumearen Institutuaren arabera, kartelaren edukia 'sexista eta baztertzailea' da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Prostituzio-etxe batek Hallowen eguneko festa iragartzeko zabaldu dituen kartelak erretiratzeko agindu du Iruñeko Udalak, 'sexistak’ direla iritzita.
Udaleko Emakumearen Institutuko Irudiaren Behatokiko irizpideak hartu dituzte kontuan agindua emateko. Horren arabera, emakumearen gorputza modu sexistan eta baztertzailean erabili da karteletan.
Irudiaren Behatokiaren hitzetan, "emakumearen gorputzaren erabilera friboloa egitea eta horrekin emakumearenganako jarrera ez egokiak sustatzea dira kartelak kentzeko arrazoiak".
Behatokiak erabilitako beste irizpideetako bat emakumeak gutxiagotasun posizioan jarri izana da, hots, erantzukizunak bere gain hartzeko gaitasun gutxiago egoztea emakumeei edota emakumeei egozten zaizkien aktibitate edo baloreak gutxiestea.
Halaber, Irudiaren Behatokiak uste du kontuan izan behar direla beste kontu hauek ere: edozein jarduera profesional egiten duen emakumea barregarri uzten duela, aktibitate jakin batzuetarako emakume edo gizonen gaitasun falta iradokitzea, emakumeei egoztea etxeko lanen edota zaintza arduren erantzukizuna, edota ezberdintasunak ezartzea gizon eta emakumeek dituzten aukera sozialen artean.