Gizartea -
Gertakaria
Hiru gazte atxilotuta, Gasteizko diskoteken irteeretan lapurtzeagatik
Jende askorik ez zebilen guneetan aritzen ziren beti, alkohola edan ostean, biktimak bakarrik zihoazenean.
Agentziak | Erredakzioa
Hiru gazte –horietako bat, adingabea- atxilotu dituzte Gasteizen, diskoteketatik bakarrik irteten ziren pertsonei indarrez lapurtzea egotzita, Poliziak azaldu duenez.
Antza denez, atxilotuak taldean aritzen ziren eta ustekabean harrapatzen zituzten biktimak, alkohola edan ondoren bakarrik zihoazenean. Gainera, jende askorik ez zebilen tokietan gauzatzen zituzten ekintza horiek. Beste batzuetan, sakelakoa eta diru-zorroa osten zizkieten biktimaren deskuidua baliatuz.
Halaber, diskoteka bateko segurtasun-kamerek grabatutako irudiei esker atxilotu dituzte gazteak, eta azken asteotan salaketa gehiago jaso dituztenez, hirurek beste delituekin zerikusia duten ikertzen ari dira.