Gizartea -
Europar Batasuna
Europako Parlamentuak errefusatu egin du tauromakia finantzatzea
Egun, tauromakiaren sektoreko ganadutegiek 130 milioi euro jasotzen dituzte urtero, Europako aurrekontuetatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europako Parlamentuak errefusatu egin du aurrekontu europarrarekin tauromakiari diru-laguntzak ematea.
"Finantziazioa ematea animaliak babesteko itun europarraren urraketa argia da", nabarmendu dute europarlamentariek, Berdeek 2016ko aurrekontu proiektuari aurkeztutako zuzenketa batekin.
Berdeen zuzenketak 438 boto jaso ditu alde, eta 199 kontra. Gainera, 50 parlamentari abstenitu egin dira.
Florent Marcellesi Equoko bozeramaileak azaldu duenez, "europar herriaren ordezkariek argi dute XXI. mendean animaliak ikuskizunaren mesederako hiltzea ez dela kultura, eta are gutxiago diru publikoarekin finantzatu behar denik".
Itun europarraren arabera, ganadutegietako animaliek "ez dute sufrimendurik, lesiorik, beldurrik edo antsietaterik jasan behar".
Egun, tauromakiaren sektoreko ganadutegiek 130 milioi euro jasotzen dituzte urtero, Europako aurrekontuetatik.
Animalien aldeko taldeak, pozik
Franz Weber fundazioa, Libera elkartea eta Galicia Mellor Sen Touradas plataforma pozik agertu dira. Izan ere, "gero eta irmoagoa da Europako Parlamentuak zezenketen aurka igorritako mezua”.
Ruben Perez #NoMoreFunds kanpainako bozeramaileak azaldu duenez, Euroganberaren erabakia "lehen pausoa" da tauromakiak diru-laguntza publikorik ez jasotzeko Europan.