Gizartea -
Denboralea
Lau adineko hil dira Lleidako zahar-etxe bat urak hartu ondoren
Gertakaria Agramunteko zaharren egoitza batean jazo da. Beste bost pertsona ospitalean artatu behar izan dituzte, baina onik daude. Tren zerbitzuak arazo larriak izaten ari dira.
Agentziak | Erredakzioa
Adineko lau pertsona hil eta bost zauritu dira goizaldean, urak Agramunteko (Lleida) zahar-etxe bateko erdisotoa hartu ondoren. Euri eta haize denborale bortitz bat Katalunia astintzen ari da azken orduetan.
04:00ak aldera, Els Horts kaleko zaharren egoitzan, urak bederatzi lagun harrapatu ditu zahar-etxeko erdisotoan, eta suhiltzaileei deitu behar izan diete.
Suhiltzaileen arabera, lau pertsona hil dira, eta gainerako bostak ospitalean artatu behar izan dituzte, baina bizirik atera dituzte.
Udazkeneko lehen haize, euri eta itsaso denboraleak zuhaitzak bota eta uholde txikiak eragin ditu Kataluniako hainbat tokitan. Hala, Generalitateko suhiltzaileek 100 irteera baino gehiago egin behar izan zituzten astelehenean.
Tren zirkulazioa, etenda
Montserrateko kremailera-trenaren zirkulazioa etenda dago euriteen ondorioz gertatutako luizi batengatik, eta litekeena da bihar arte luzatzea konponketa lanak eta ordura arte zerbitzurik ez izatea.
R12 Kataluniako distantzia ertaineko tren-zerbitzua eten egin da gaur goizean, haitzak erori baitira trenbidera. L’Hospitalet de Llobregat (Bartzelona) eta Lleida lotzen dituen linea Manresa eta Calaf artean (Bartzelona) gelditu da.
Lleida eta Zaragoza artean trenbide arruntaren bidez ematen den zerbitzua ere eten dute, Raimat parean, Aragoiko mugatik oso gertu. Arazoak erabat konpondu arte, bidaiariak errepidez garraiatuko dituzte tarte horretan.