Gizartea -
Formula Student Bizkaia
FSBizkaiaren monoplaza Bilboko kaleetara itzuliko da larunbatean
Silverstone eta Montmelo zirkuituetan mundu osoko unibertsitateekin lehiatu ostean, publikoak aurrez aurre ikusi ahal izango du prototipoa.
eitb.eus
Aurtengo Formula Student lehiaketan Silverstone eta Montmeloko zirkuituetan munduko unibertsitaterik onenen aurka lehiatu ondoren, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko FSBizkaia taldeak eraikitako monoplazak hiriko kale nagusiak zeharkatuko ditu bigarren asteburuz jarraian bihar, larunbata, azaroak 7.
Eskolako prototipoek zazpi urte daramatzate nazioarteko probetan parte hartzen, baina aurreko astean lehenengoz aurkeztu zuten jendartean auto horietako bat.
EHUren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren XV. Astearen barruan antolatu dute ekimena.
Bilboko kaleetatik ibiliko den prototipo hau Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan munduko unibertsitate mailako lehiaketarik ospetsuenetako batean parte hartzeko egin duten bederatzigarrena da.
40 kW-eko potentzia izendatua eta 80 kW-eko potentzia gorena duen motor batez hornitutako ibilgailu elektriko honek 100 HP inguru garatzeko gaitasuna du. Taldeak diseinatutako bateria-sistemari esker, Silverstoneko zirkuituak duen 22 kilometro inguruko ibilbidea egiteko behar den energia-kopuru osoa biltegira dezake. Potentzia osoan, 0 km/h-tik 100 km/h-ra 4 segundoan pasatzeko behar den energia osoa eskaintzeko gauza da. Monoplazak 207 kilogramoko pisua du.
Ibilbidea eta ordutegia
Erakustaldia 12:30ean hasiko da, eta 45 minutu inguruko iraupena izango du:
Ibilbidea: Bizkaia Aretoa (Euskadi plaza), Deustuko zubia, itzulia San Pio X.aren plazan, Euskadi plaza, Mazarredo, El Corte Ingles, Hurtado de Amezaga, Plaza Biribila, Kale Nagusia, Jesusen Bihotza, Abandoibarra, Leizaola, Euskadi plaza, Bizkaia Aretoa.
Monoplazak egingo duen ibilbidearen mapa. Argazkia: FSBizkaia