Gizartea -
Golardoa
Donostiak Europako Hirigintza sari bat jaso du
Hain zuzen ere, Academy of Urbanism erakundeak emandako golardoa eskuratu du Gipuzkoako hiriburuak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Academy of Urbanism nazioarteko erakundeak Hirigintza sari bat (2016ko Europako Hiria) eman dio Donostiari. Bolonia (Italia) eta Stockholm (Suedia) ziren Gipuzkoako hiriburuaren lehiakideak.
Bozketa mundu osoko 1.500 arkitektok, diseinatzailek, geografok eta oro har hirigintzaren sektoreko adituk egin dute.
Udalak agiri batean azaldu duenez, 2016an Donostia Europako Kultur Hiriburu izateak "interes handia" piztu zuen atzo, udal gobernuko ordezkariek Londresen hautagaitzaren aurkezpena egin zutenean.
Ernesto Gasco alkateordeak jaso du gaur golardoa, Steven Bee Academy of Urbanism erakundeko presidentearen eskutik.
Buruzagi sozialistaren esanetan, "Donostiak paisaiarekin oreka mantenduta bilatzen du hazkundea, bere ezaugarriak balioetsita". "Hiriak garapen ekonomiko berri baten aldeko apustua egin du, zerbitzuen sektorea oinarri hartuta, eta ezagutzaren alorrean ere hazten ari da, lau unibertsitate eta sektore teknologiko garrantzitsua baititu", gaineratu du.
Donostia hirigintza jasangarria garatu eta pertsonak kontuan hartzen dituen hiria dela gogoratu du alkateak, eta, horregatik, etorkizunera begira "hau da bidea" adierazi nahi izan du.