Gizartea -
Indarkeria matxista
Emakume bat hil du ustez haren bikotekideak, Oviedon
Gizona atxilotu dute. Lau dira dagoeneko azken orduetan indarkeria matxistaren ondorioz hildako emakumeak.
Agentziak | Erredakzioa
65 urteko emakume bat hil da gaur Oviedon, ustez haren bikotekideak emandako jipoiaren ondorioz. Bikotekidea, 51 urteko gizonezkoa, Gijonen atxilotu du Poliziak, hilketa egin eta ordu batzuetara.
Emakumearen hilotza 09:30ean aurkitu dute, etxeko logelan. Aurretik, ustezko hiltzaileak idatzitako ohar bat aurkitu du auzokide batek. Bertan, Poliziari deitzea eskatzen zuen, neska-laguna hil duela aitortuta.
Hilketa matxista Zuvillaga jeneralaren kaleko 7. zenbakian jazo da, Oviedo erdigunean. Poliziak zabaldu duenez, emakumeak ez du inoiz tratu txarrik salatu. Duela bospasei urte bizi ziren elkarrekin. Azken 24 ordu hauetan, lau emakume hil dira indarkeria matxistaren ondorioz: bat, Kordoban; bi ama-alaba, Valentzian, eta azken hau, Oviedon. Horrez gain, gizon batek beste bat hil du Logroñon, bikotekide ohiaren mutil-lagun berria, antza.
--------------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.