Gizartea -

Nafarroa

Noainen aurkitu dituzte etxetik falta ziren hiru adingabeak

Poliziak droga kontsumoaren eta trafikoaren aztarnak topatu ditu Noaingo etxabe horretan, eta izapideak hasi ditu adingabeetako baten kontra, osasun publikoaren kontrako ustezko delitu bat egotzita.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Noaingo etxabe batean aurkitu dituzte etxetik falta ziren hiru adingabe nafarrak. Antza denez, lokal horretan ezkutatu dira etxetik kanpo eman dituzten egunetan.

Nafarroako Polizia Nazionaleko Zuzendaritza Nagusiko agenteak, Polizia Judizialaren probintzia-brigadakoak, Noaingo Udaltzaingoarekin elkarlanean, urriaren 31n sartu ziren aipatutako etxabe horretan, etxetik ihes eginda eta babesik gabe zeuden hiru adingabe bilatzeko operazioan.

Hiru adingabe horietako baten desagerpena Polizia Nazionalaren egoitza batean salatu zuten haren senideek, eta beste biena, berriz, Foruzaingoaren egoitzan, Polizia Nazionalak agiri baten bidez zabaldutakoaren arabera.

Guztira, 13 eta 15 urte bitarteko hamar adingabe topatu zituen etxabean Poliziak, eta droga kontsumitu izanaren "zantzu nabarmenak", marihuana ugari hainbat tokitan banatuta, eta droga kontsumitzeko eta manipulatzeko tresnak: pipak eta txikitzeko makinak, doitasun balantzak eta abar. Gainera, bi arma zuri eta pistola faltsu bat ere atzeman zituzten.

Arrisku horien aurrean, agenteek gurasoak ohartarazi zituzten, eta haien esku utzi zituzten adingabeak.

Halaber, izapideak ireki dituzte adingabe horietako baten kontra, osasun publikoaren kontrako delitua leporatuta. 15 urte bakarrik izan arren, sei aldiz atxilotu dute jada. Bestalde, lokalaren jabeari zigorra jartzeko eskaria egin dute, bere lokalean adingabeei droga kontsumitzen uzteagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak Drogak Eguneko albisteak