Gizartea -
Jaiotze-tasa, goraka
21.315 ume jaio ziren 2008an EAEn
Eustatek egindako ikerketaren arabera, ezkontzatik kanpo jaiotako haurren kopuruak gora egin du: 6.474 izan ziren 2008an.
Erredakzioa
2008an 21.315 haur jaio ziren euskal autonomia erkidegoan, %3,5eko hazkundea 2007aren aldean, eta hazkunde hau 2006 eta 2007 artean izandakoa (%2,8) baino handiagoa izan zen.
2008an Araban izan zen gehikuntzarik handiena (%6,0), Bizkaian ondoren (%4,3) eta Gipuzkoan (%1,3) azkenik.
2008. urtean, ezkontzatik kanpo jaiotakoak 6.474 izan ziren; Eustatek landutako datuen arabera jaiotzen %30,4, hots, 2007an (%27) baino ehuneko 3 puntu pasa gehiago.
Arabak eta Bizkaiak euskal autonomia erkidegoak baino ehuneko handiagoak izan zituzten, %30,9 eta %30,6; Gipuzkoak, berriz, balio erlatibo txikiagoak (%29,9). 1990 urtekoa (%7,7) eta 2008koa alderatuz gero, ezkontzaz kanpo jaiotakoak lautik biderkatu dira ia.
2008an haurren bat izandako emakumeen %76,5ek 30 urte edo gehiago zituen. Talderik ugariena 30 eta 34 urte bitarteko emakumeena da, jaiotza guztien % 42,9.
Bestalde, 2006. urtearekin alderatuta, handitu egin da 35 urtetik gorako amen taldea (%33,6), eta berriz ere 25-29 urteen artekoena (%16,6) baino askoz handiagoa da. Amen batez besteko adina, 32,4 urte; eta lehen haurra eduki dutenena, berriz, 31,3; 2007koen antzeko zifrak. 25 urteko amen kopuruak gora egiten du, etorkinei esker; guztien %6,9.
Azken 10 urteetan erditze anizkunak bikoiztu egin dira (1998an 236 izan ziren); erditzeak, guztira, %30 bakarrik ugaritu dira.
2008an jaiotakoen artean, 100 emakumeko 106 gizonezko jaio ziren. Batez beste, 3.308 gramoko pisua izan zuten mutikoek, eta neskatoek 3.189koa.