Gizartea -
2015eko Gabonak
Jostailu interaktiboak eta eraikuntzazkoak, Gabonetako opari izarrak
% 6 eta % 7 arteko hazkundea izatea espero du jostailuen sektoreak.
Agentziak | Erredakzioa
Interaktuatzen duten haurrak, gure aginduak betetzen dituen robot bat eraikitzeko piezak edota maskota teknologikoak izango dira 2015eko Gabonetako opari izarrak, eta ohikoagoak diren beste batzuekin partekatuko dute protagonismoa, besteak beste, eraikuntzazko jostailuekin eta panpinekin.
Jose Antonio Pastor Jostailu Ekoizleen Espainiako Elkarteko presidenteak azaldu duenez, teknologiaren eta tradizioaren arteko elkartze hori izango da aurtengo Gabonetako joera nagusia, baina baita etorkizunetakoa ere.
"Orain arte, teknologia batez ere ekoizpenean erabili izan da, jostailuan bertan baino gehiago, baina orain, nola familia eta guraso gisa gero era gehiago darabilgun, haurrek hori ikusi egiten dute eta imitatu egin nahi dute; horrenbestez, alderdi hori jostailura eramateko obligazioa daukagu", adierazi du Pastorrek.
Bestalde, "gurasoek agertzen duten berehalako erantzun logikoa dago; hau da, ohiko jostailuan eta ezagutzen dituzten kontzeptu eta marketan babesa bilatzekoa, ordu jostagarri ugari ekarri dietenak", gaineratu du.
Jostailuen sektoreak darabiltzan datuen arabera, aurtengo ekitaldian % 6 eta % 7 arteko hazkundea izatea espero du. Ondorioz, salmenten zenbatekoa 1.300 milioi euro baino gehiago izango da (450 milioi kanpoan fakturatuko dira), eta igo egingo da bigarren urtez jarraian, barneko merkatua suspertu egin delako eta esportazioen joerak positiboa izaten jarraitzen dutelako.
"Hobekuntza benetakoa eta agerikoa da", esan du Pastorrek. Azaldu duenez, nahiz eta kontsumoa ez den iristen krisi ekonomikoaren aurretik zegoen kopurura, sektorearen hazkuntza-eredua bai ari da bide horretatik.
Bere aburuz, 2014. urtea inflexio-puntu bat izan zen, merkatu nazionalean salmentak % 3 igo baitziren, eta fakturazioaren zenbatekoa % 5 areagotu baitzen orotara, esportazioak "oso ondo" ibili direlako, krisia egon arren.
"Egun hauetara iristen garenean, beti gara baikorrak, hala izan behar dugu, baina nik uste dut aurten soberan daudela arrazoiak" dio Pastorrek. Gaineratu duenez, salmentak igo egin dira aurtengo hilabete guztietan, baita abuztuan eta irailean ere.
Urrian eta azaroa hasieran hasi diren sustapenak "oso ondo ari dira funtzionatzen", eta horrek itxaropentsu jarri ditu jostailu-ekoizleak. Elkarte horretako buruak gogoratu nahi izan du sektore horrek Gabonetan negozioaren % 75 jartzen duela jokoan.
Esku artean dituen zenbakien arabera, aurtengo ekitaldian esportazioek, salmenta guztien % 40 ematen dutenak, % 9 egin dute gora, eta urte amaieran % 7 eta % 8 bitartean egon daiteke.
Esportazioen joera ona emango da, nahiz eta Errusiako merkatua jaitsi egin den. Orain dela urte gutxira arte huraxe zen Espainiako jostailuentzako merkatu nagusiena Europar Batasunetik kanpo, eta bertan panpinak ziren nagusi.
Internetek daukan presentziari dagokionez, azaldu da azkar batean ari dela hazten, eta urte gutxi batzuetan Erresuma Batuan, Alemanian edo Frantzian dituzten kopuruetara helduko da. Herrialde horietan, tokiko salmenten % 30 Internet bidez egiten da.
Gurasoen gehiengoak Internet erabiltzen dute modu nabarmenean informazioa bilatzeko eta jostailua hautatzeko, eta, bere iritziz, "hur-hurrean dago informazioa bilatzetik erosketa egiteko urratsa ematea".