Gizartea -

Fadura

Getxoko Udalak ez du kamera gehiago topatu nesken aldageletan

Legez kanpoko kameren grabazioetan ageri den "lagun talde txikiarekin" harremanetan jarri da Udaltzaingoa. Getxo errugbi taldeak gaitzetsi egin du gertatutakoa.

Ez dute kamera gehiago aurkitu Fadurako kiroldegian

1:22

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Getxoko Udalak ez du beste kamera ezkuturik aurkitu Fadurako eta Gobelako kiroldegietako nesken aldageletan. Atzo, Fadurakoan legez kanpoko kamera batzuk aurkitu zituztela zabaldu zuen Udalak, eta gainerakoak arakatu zituen besterik ote zegoen argitzeko. Ez dute halakorik topatu, baina.

Horrez gain, Udaltzaingoa Fadurako kiroldegian aurkitutako kameren grabazioetan ageri diren pertsonekin harremanetan jarri da. Atletismo eta errugbi taldeetako nesken "talde txikia" da, Udalak zehaztu duenez. Kamerak nork eta nola jarri zituen argitzeko ikerketa abian da, gainera.

Ohar batean, Getxoko Udalak "haserrea eta gaitzespena" adierazi ditu, eta lasaitasunerako deia egin du, kirol instalazioetako aldageletan ez baitute grabagailu gehiago aurkitu.

Horren arabera, "azkeneraino" eramango ditu ikerketa eta erantzuleen kontrako ekinbideak.

Bozeramaileen Batzordea, bilduta

Halakorik berriro gerta ez dadin, Udalak iragarri du Getxo Kirolak zerbitzuak noizean behin kiroldegietako aldagelak arakatuko dituela.

Getxoko Bozeramaileen Batzordeak bilera egin du eguerdian gaia aztertzeko.

Getxo Errugbiak gertatutakoa gaitzetsi du

Bestalde, Getxo errugbi taldeak oharra kaleratu du Twitterren Faduran jazotakoa gaitzesteko. Agirian, Udalari, Udaltzaingoari eta Getxo Kirolak zerbitzuari laguntzeko prest agertu da Errugbi taldearen berbetan, "guztiz arbuiagarria da pertsonen pribatutasuna urratzen duen edozein ekintza, bereziki adingabeak tartean badaude".

Hain justu, Andoni Saitua Getxo errugbi taldeko presidenteak Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan nabarmendu duenez, neskak "haserre" daude aldageletan aurkitutako kamerekin. Dena den, ez du salaketarik jartzeko asmorik, baina udal erakundeei behar duten guztian "laguntzeko" prest agertu da, "besterik ezin dezakegu egin eta".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Getxo berriak