Gizartea -
aldundien planak
Arabak eta Gipuzkoak igandean abiatuko dute errepideetako neguko plana
Bizkaiak hilaren 1ean egin zuen. Orotara, elurra kentzeko 166 makina izango dira EAEko errepideak garbitzen.
eitb.eus
EAEko erakundeak prest daude jada neguari aurre egiteko.
Hori horrela, Arabak igandean abiatuko du errepideetako neguko plana. Orotara 234 profesional eta 1,2 eta 1,5 milioi euro artean bideratuko dituzte lurraldeko errepideak garbi mantentzeko.
Plana apirilaren 15a arte izango da indarrean, baina baliteke gehiago luzatzea egun horren ostean elurra egiten jarraitzen badu.
Profesional horiek 1.500 kilometro errepide zaindu beharko dituzte, eta horretarako elurra kentzeko 35 makinaz eta 65 traktorez baliatuko dira.
Helburua da elurrak eta izotzak ez geldiaraztea pertsonen eta enpresen jarduera, Josu Lopez Ubiera Errepide Azpiegituren diputatuak azaldu duenez.
Bizkaian, hilaren 1ean jarri zuten martxan plana. Zehazki, elurra kentzeko 74 makina mobilizatu dituzte, eta 9.290 tona gatz, 200 metro kubiko gesal eta 356 profesional bideratu dituzte horretarako. Apirilaren 30a arte izango da indarrean.
Aldundiak azaldu duenez, elurte edo izozte handia egongo balitz, lehen lehentasuna errepide sare nagusiko bederatzi bide garbitzea izango litzateke. Hauek dira: AP-8, N-637, N-240, Santo Domingo eta aireportuko, superportuko eta ospitaleetako sarbideak.
Bigarren fasean, beste 19 errepide garbituko lituzkete, hala nola Artatza, Gernika-Bermeo, Bilbo-Balmaseda, Enekuri, Autzagane, Unibertsitateko sarbidea eta Mungia-Bermeo.
Gipuzkoako Aldundiak ere igandean abiatuko du plana, apirilaren 15a arte. 322 profesional arituko dira errepideak zaintzen.
Guztira, 80 kamioi, 15 ibilgailu arin eta 10.450 tona gatz izango dituzte prest.
Helburua da "errepideak garbi mantentzea, izotz eta elur gabe". Nolanahi ere, denborale egunetan, ibilgailua ez hartzea eskatu die foru erakundeak herritarrei. Hartu behar izanez gero, autoa egoera onean edukitzeko eta erregai tanga beteta edukitzeko deia egin du.