Gizartea -

Agerraldia Legebiltzarrean

Arartekoak gaitzetsi egin du gizarte-prestazioak eta iruzurra lotzea

Kargua hartu zuenetik lehendabiziko aldiz egin du agerraldia Lezertuak Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuraren aurrean.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Manu Lezertua Arartekoak gaitzetsi egin du "gizarte-prestazioak iruzurrarekin lotzen dituen nahaste zorigaiztokoa eta funsgabea", eta argitara atera diren ustezko kasuak "bakanak dira eta ez dute errealitatea islatzen", ziurtatu du.

Kargua hartu zuenetik lehendabiziko aldiz egin du agerraldia Lezertuak Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuraren aurrean. Gaurko esku-hartzea erakunde horrek 2014an zehar egindako jardueren gaineko txostena azaltzeko izan da.

Lezertuaren aburuz, 2014an eztabaida bizia sortu da gizartea babesteko euskal sistema publikoaren gainean. Onuradunen jatorri nazionalari buruzko informazioa azpimarratu da, bestelako zertzelada batzuen gainetik (ahulezia egoera edo enplegua aurkitzeko zailtasunak, esaterako), eta, horrela, "gizarte-prestazioak iruzurrarekin lotzen dituen nahaste zorigaiztokoa eta funsgabea sortu da".

Arartekoak baieztatu duenez, "krisi ekonomikoak oso gogor eragin die familia askori, baina are gogorrago etorkinen familiei".

"Etorkinen egoera hemengo familiena baino ahulagoa da, batez ere guraso bakarreko familiak diren kasuetan", adierazi du Arartekoak. "Gero eta elementu kezkagarriagoa da adingabe atzerritarren txirotasuna", gaineratu du.

Lezertuaren arabera, "prestazioa jasotzeko eskubidea baldintzak betetzen ez badira soilik eten edo ezeztatu beharko litzateke, eta baldintzen gainerako arau-hausteak zigortu egin beharko lirateke".

Urteko txostenak hizpide dituen beste zenbait gai

Arartekoak beste hainbat gai ere jorratu ditu. Hezkuntzari dagokionez, horren ustez, gutxieneko adostasuna lortu beharko litzateke hezkuntza-eredu propioaren gainean, "egungo Euskal Eskola Publikoari buruzko Legea onartu zenean gertatu zen bezala". Horrez gain, arduratuta agertu da Heziberri 2020 proiektuari buruz hezkuntza-eragileek dituzten iritzi desberdinak direla eta.

Etxebizitza Legea, epaimahaien aurrean etxebizitzaz gozatzeko eskubidea bete dadila eskatu ahal izatea ziurtatzen duena, ere izan du hizpide. Horren iritzian, euskal administrazio publikoek ahalegin handia egin behar dute aurrekontu aldetik, batez ere egoki eta eraginkortasunez erantzun nahi badiote alokairu-erregimeneko etxebizitza babestuen gero eta eskari handiagoari.

Polizia-jarduera gauzatzeaz jaso dituzten kexei dagokienez, berriro ere beste ekitaldi batzuetako gaiak agertu direla jakinarazi, eta agintekeria eta agente batzuek identifikazio profesionalaren zenbakia emateari uko egitea aipatu ditu horien artean.

Arartekoak gogora ekarri duenez, iaz hiru izan ziren indarkeria matxistaren eraginez hildakoak, eta horrelako kasuak sakon aztertzeko eskatu du, halako kasu gehiago gerta ez dadin.

Halaber, Irungo eta Hondarribiko alardeetan oraindik ere desberdintasunak agerikoak direla, eta "gizartearen nolabaiteko babesa" dutela esan du. "Egoera horren aurrean, erakunde publiko eskudunek ez dute beharrezko erabakitasunez jokatzen desberdintasun horiek murrizteko", salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Legebiltzarra Ararteko berriak Hondarribia bideoak Gizartea Irun bideoak Albisteak