Gizartea -
Trafikoa
2. mailako errepideetan arretaz gidatzea aholkatzen dute, elurragatik
Elurrari dagokion abisu horia luzatu dute astelehen gauerdira arte barrualdean, eta abisu horia ezarri dute astelehenerako izotzagatik. Elur-maila 700-900 metroan kokatuko da.
O. Aiestaran | EITB.EUS
Agintariek arretaz gidatzea aholkatzen dute euskal errepideetan denboraldiko lehendabiziko elurteak direla eta. Izan ere, elurrak Euskal Herriko tontorrak eta gainak zuritu ditu.
Elurrak ez du arazorik sortzen Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako errepide sare nagusian. Hala ere, gorabeherak sortu dira bigarren mailako errepideetan.
EAEn, mendate guztiak zabalik daude era guztietako ibilgailuentzat. Dena den, elurra dela eta arretaz gidatzeko eskatzen dute Azazetan, Barazarren, Gasteizko mendatean, Herreran, Kurtzetan eta Opakuan. Gainera, arretaz gidatzea aholkatzen duten Araban, N-1 eta N-240 (Legutio-Gasteiz), eta N-622 (Altube-Gasteiz) errepideetan; eta Gipuzkoan A-15 autobidean.
Nafarroako errepideei dagokionez, Pirinioetara mugatzen dira arazoak. Otsagabia eta Irati lotzen dituen NA-2012 errepidea (8. kilometrotik aurrera) eta Larrauko mendatea (6. kilometrotik aurrera) itxita daude eta neguko errepide zerbitzurik gabe egongo dira 2015eko azaroaren 21etik 2016ko maiatzaren 16ra bitartean. Bestalde, NA-137 Burgi-Isaba errepidea itxita dago 59. kilometrotik aurrera errepidean pilatutako elurra tarteko.
Gaur, igandea, ia egun osoan zehar euri asko egingo du, eta txingorra eta ekaitza ere iragarri dituzte. Iluntze aldera, zerbait atertuko du. Elur-maila 600 metrora jaitsiko da.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du gaurko, elurragatik. Gainera, elurrari dagokion abisu horiari eutsiko dio Segurtasun Sailak astelehenean eta beste abisu bat ezarriko du, izotzagatik; izan ere, goizaldean eta egunaren hasieran izotza egingo du. Bestalde, Jaurlaritzaren arabera, elurra egiteko arriskua handiagoa da asteleheneko 18:00etatik 00:00etara bitartean.
Astelehenerako, berriz, euri gutxiago iragarri dute adituek, baina egunaren hasieran 500 metroan egin dezake elurra.
Asteartean hodeiak ugaritu egingo dira. Dena den, goizean, tarteka, argiune politak irekiko dira. Arratsaldean, ostera, fronte berri bat sartu eta zerua estalita geratuko da, eta gauean euritara egingo du. Tenperaturan ez da aldaketa handirik espero eta barnealdean izotza egingo du.
Asteburuan Euskal Herria gogor astindu duen haizearen eraginez, hainbat arazo sortu dira, bereziki, Gipuzkoan. Hala, larunbatean Pasaiako Portuko pabiloi zahar bateko teilape bat erori zen eta aparkatuta zeuden 20 automobil inguru kaltetu ziren.
Bestalde, Donostiako Udalak hiriko hiru parke itxi zituen (Urgull, Cristina Enea eta Aiete) larunbatean, segurtasuna bermatzeko.