Gizartea -
Animalia-koipe ekoizlea
Ortuellako enpresa baten usain txarra salatu dute herritarrek
Enpresa lekuz aldatzeko eskatu dute, usain txarrari aurre egiteko neurriek ez dutelako eraginik. Hala ere, enpresa lekuz aldatzean “lanpostuei eustea” eskatu dute.
agentziak | erredakzioa
Ortuellako eta Trapagarango herritarrek kontzentrazioa egin dute Bilbon, Garcia Mendoza animalia-koipe ekoizleak inguruan eragiten dituen usain txarrengatik enpresa tokiz aldatzeko exijitzeko.
Euskal Hiria Kongresua eta Ingurugiroan Usainak Kudeatzeko Nazioarteko Konferentzia egiten ari dira Bizkaia aretoan, eta bertan egin dute protesta, Iñigo Urkullu lehendakaria ere bertan izan baita.
Ortuellako eta Trapagarango herritarrek salatu dute enpresaren kokalekua ez dela "egokia" egiten duen "jarduerarako" (animalien gantzen fundizioa).
Ohartarazi dutenez, enpresaren jarduerak kalte egiten dio herritarren bizi kalitateari, eta "agerian geratzen da enpresak hartutako neurriak ez direla nahikoa, usainak jasanezina izaten jarraitzen baitu", eta hilabete batzuetan "okertu" egiten da.
Horregatik guztiagatik, enpresa lekualdatzearen aldeko plataformak jarduera beste nonbaitera eramateko eskatu du, baina prozesuan "lanpostuei eustea".