Gizartea -
GERTAKARIA
Metro zerbitzua bere onera etorri da Bilbon, goizeko kaosaren ondoren
08:30 inguruan gizonezko bat harrapatu du metroaren unitate batek, Abandon. Istripuak atzerapen handiak eragin ditu metro zerbitzuan. Zauritutako gizonezkoa Basurtuko Ospitalera eraman dute
ERREDAKZIOA | EITB.EUS
Gizon bat harrapatu du Bilboko Metroko unitate batek, Abandoko geltokian, Plentziarako noranzkoan, 08:30ean. Ondorioz, metro zerbitzua etenda geratu da, ia ordubetez. 09:30 inguruan etorri da bere onera zerbitzua.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, harrapatutako gizonezkoa zaurituta eraman dute Basurtuko Ospitalera.
Osasun zerbitzuetako langileak, Udaltzaingoa eta Ertzaintza joan dira gertakariaren lekura. Harrapaketa izan eta berehala, Abandoko geltokia hustu egin dute.
Argazkia: EiTB
Metroko komunikazio departamendutik jakiranazi dutenez, 'Metroarekin zerikusirik ez' duten arrazoiengatik izan da ezbeharra, datu gehiago zabaldu ez duten arren.
Plentziako noranzkoan, 1 lineako zerbitzuan izan da istripua, eta metro zerbitzuan atzerapen handiak eragin ditu.
Ubeldurak eta kolpeak bizkarraldean
Osakidetzak jakitera eman duenez, zauritutako gizonak ubeldura ugari ditu gorputz osoan; bizkarraldean traumatismoa eta izterrezurrean zauri handi bat ere baditu. Bizi konstanteak mantentzen ditu.