Gizartea -

eitb.com-en erreportajea

Euskal kostaldean plastikozko zirrindolak aurkitu ditu Surfrider-ek

Sufrider 64 elkarteak ikerketa bat hasi du euskal kostaldean plastikozko milaka aker agertu ostean. Hondakin horiek Sena ibaian aurkitu dituzte, eta baita Portugalgo kostaldean ere.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Plastikozko ''camembert'' zati bitxi batzuk agertu dira Euskal Herriko eta Landetako hondartzetan, azken bi urteetan, eta hilabeteetan zehar Surfrider Foundation Europe elkarteak egindako ikerketa batek zirrindola horien sekretu batzuk argitu ditu.

Ingurumen erakundeko blogean argitaratutako abisu fitxa batek ploripropilenozko aker hauek ''elementu iragazleen'' hondakinak direla azaltzea ahalbidetu du. Abisua Interneten zabaldu da. ''Elementu iragazleak'' Japoniako akuarioetan erabili ziren lehenengo, eta ondoren mundu osora hedatu dira hondakin-uren tratamendurako.

Iragazpen edukinontzi batean pilatuta eta ur korronteak mugituta, azalean geratzen diren mikroorganismoak askatzen dituzte zirrindolek eta urak dituen hondakin organikoak pipiatzen ditu, ura garbituz.

Euskal Herriko kostaldean hondakin-uren tratamendurako produktu hori erabiltzen duen zentralik ez zuen aurkitu Surfrider Foundation 64 elkarteak (Veolia enpresak Landetan duen estazio bat izan ezik, Port d''Albreten), baina sare sozialen bidez ikertzen jarraitzea erabaki zuen: Azkenik, ''itsasoko camembert'' hauen presentzia baieztatu zuten Internet erabiltzaileek, Atlantikoko kostalde osoan.

Bretainian, Frehel lurmuturreko zenbait hondartzetan ikusi dituzte zirrindolak, eta baita Bresteko portutik gertu ere, barkuen hidrokarburoak tratatzeko zentroak baitaude bertan.

2010eko urtarrilaren hasieran, Cap-Feerten ikusi zituzten, Girondako departamentuan (Frantzia), eta otsailaren hasieran, Bilboko Internet erabiltzaileek Sopelako (Bizkaia) hondartzaren argazkiak bidali zituzten.

Otsailaren 19an "plastiko zurizko milaka zatiren" berri ematen zuen La Voz de Galicia egunkariak, izan ere, Miño ibaiko arrantzaleen sareak zati horiekin bete ziren; egun batzuk geroago Penichen (Portugal) agertu zirela jakinarazi zuten Internet erabiltzaileek.

Une horretan ''elementu iragazle'' horien bezeroak ezagutzen hasten dira: Arazketa estazioak, nekazaritzako elikagaien industria, paper-fabrikak, baina, dirudienez, hondakin-uren tratamendurako modelo espezifikoa erabiliena da.

Pariseko iparraldean, gabarra batean, bizi diren bi lagunek plastikozko milaka ''camembert'' ikusten dituzte Sena ibaian, otsailean, eta Google bilatzailean bilaketa eginez Surfrider elkartearekin topo egin zuten.

Greenpeace, WWF eta Ingurumen Ministerioari abisua eman zieten bi lagunek, baina alperrik. Surfriderreko ataria bisitatu eta Pariseko ibaiko Poliziari abisua ematea erabaki zuten. Otsailaren 19an, Poliziak lagin bat atera zuen ibaitik.

Gaur, otsailaren 26, gaiari buruzko ikerketa bat zabaldu duela baieztatu dio Pariseko Poliziak eitb.com-eri.

Surfrider Foundation, ikerketako lehen lerroan

Francois Verdet Surfrider Foundation elkarteak Pirinio Atlantikoetan duen egoitzako boluntario koordinatzaileak azaldu duenez, ''itsasoko camembert'' hauek Atlantikoko kostalde osoan aurkitzea arazo bat planteatzen dute: Makro-hondakinen arazoa, alegia. Baina kutsadura hau lurretik edo ibaietatik dator gehienetan, Verdeten ahotan.

"Nazioarteko araudiak hondakin mota hau kutsadura bezala onartzea nahi du Surfrider Foundation elkarteak", adierazi du Verdetek, horretarako sinadurak biltzen ari dira Internet bidez Bruselari bidaltzeko. 2010eko maiatzean bidaltzea espero du elkarteak.

Kutsaduraz hitz egitearekin pozik agertu da Verdet, baina Internet erabiltzaile guztiei dei egin die informazio gehiago bildu ahal izateko. Informazio gehiago Surfrider 64ko blogean aurki dezakezue, eta baita ikerketan lagundu ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea