Gizartea -
Getxo
Aske utzi dute Fadurako kiroldegiko grabaketen ustezko egilea
Alabaina, kiroldegira hurbiltzeko debekua ezarri diote. Ertzaintza bere etxean topatutako materiala aztertzen ari da. Ikerketak irekita jarraitzen du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Epaileak aske utzi du Fadurako (Getxo) kiroldegiko emakumezkoen aldagelan kamerak jartzeagatik atxilotutako gizonezkoa. Alabaina, debekatuta izango du kiroldegira hurbiltzea, epaileak hala aginduta, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Ertzaintzak goiz guztia eman du atxilotuak Bilbon duen etxebizitza miatzen eta bertan topatutako material grafikoa aztertzeko eraman du.
Joan den azaroaren 9an jazo ziren gertaerak. Fadurako kiroldegian berrikuntza lanak egiten ari ziren langileek kamerak aurkitu zituzten emakumezkoen aldagelan. Ertzaintzak ikerketa bat jarri zuen abian, alde batetik, kamera ilegal horiek nork jarri zituen jakiteko, eta bestetik, grabaketen biktimak nortzuk eta zenbat pertsona ziren argitzeko.
Azkenean, Ertzaintzak atzo atxilotu zuen kamera horiek jartzearen ustezko erantzulea, 52 urteko gizonezkoa. Emakumeen intimitatearen kontrako delitua egotzita atzeman dute.
Nolanahi ere, ikerketak irekita jarraitzen du. Atxilotutako lagunak bakarrik jardun zuen edo beste pertsona batzuen laguntza izan zuen argitu nahi du Ertzaintzak. Era berean, grabazioak noiztik egin diren eta irudi horiek zabaldu egin ote diren ikertzen ari dira.
Bestalde, biktimekin harremanetan jarri dira, testigantzak jasotzeko asmoz.