Gizartea -
Ikerketa
Nafarroako Unibertsitatea, munduko 60 onenen artean
QS Graduate Employability Raking 2016 izeneko enplegagarritasun-indizea kontuan hartuta. Indize horren arabera, Estatuko lehena da.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Unibertsitatea munduko 60 unibertsitate onenen artean dago, QS Graduate Employability Ranking 2016 deritzon indizearen arabera. Indize berak Estatuko lehenengoa ere badela dio.
Sailkapen hori lehenengo aldiz egin da, eta lana ematen dutenen iritzia ebaluatzen du lehen aldiz, beste faktore batzuen artean. 200 zentro akademiko sailkatu ditu, munduko 1.239 zentro akademikoren artean. Hala eman du jakitera unibertsitateak berak ohar baten bidez.
Lehendabiziko 200 zentroen artean Espainiako zortzi unibertsitate daude: Nafarroakoa, Madrileko lau eta Kataluniako hiru.
Nafarroako Unibertsitatea sailkapeneko 57. postuan dago, eta bereziki nabarmentzen da enpresekin duen lankidetzagatik. Lankidetza horren barruan daude ikerketa-proiektuak eta ikasleen eta gradudunen praktikak.
QS-k erabili duen metodologiak bost aldagai izan ditu kontuan, eta horien artean balioespen handiena lortu duena da enplegua ematen dutenek gradudunen gainean duten iritzia, eta horren atzetik dator zentro akademikoek enpresekin duten lankidetza.
Honako hauek ere aintzat izan dituzte: eragin handiko gradudunak, campusetan enpresek izaten dituzten jarduerak eta lan-munduan txertatzea.