Gizartea -

Irun

Lagun bat atxilotu dute mozkor gidatu eta Ertzaintza erasotzeagatik

Atxilotuak 0,55 eta 0,52 miligramoko alkohol tasak eman zituen botatako arnasa litro bakoitzeko.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ibilgailu bateko gidaria atxilotu du Ertzaintzak Irunen autoarekin espaloira igo, sigi-sagaka gidatu eta Ertzaintza eraso ostean. Atxilotuak 0,55 eta 0,52 miligramo alkohol tasak eman zituen botatako arnasa litro bakoitzeko.

Ertzaintzak guztira hamabi gidari atxilotu edo inputatu ditu asteburu honetan, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik. Hala jakinarazi du Segurtasun sailak.

Atxiloketa bat Irunen egin zen goizaldeko zazpiak inguruan. Kaleko jantzita zeuden Ertzain batzuek Audi A3 bat espaloira igo ostean haren gainean hogei bat metroz nola gidatzen zuen ikusi zuten, Kolon pasealekura heldu arte. Autoak sigi-sagaka jarraitu zuen oso abiadura geldoan.

Horren aurrean, agenteek euren autoa Audiaren parean jarri zuten. Une horretan, gidaria ibilgailutik jaitsi zen burdinazko barra bat eskuetan zuela eta polizia-autora zuzendu zen. Agenteek euren burua identifikatu zuten, baina haien aurka oldartu zen, eta menderatu egin behar izan zuten.

Atxilotua alkoholaren eraginpean zegoela zirudien eta agintaritzaren agenteen kontrako atentatuagatik atzitu zuten. Ondoren, alkoholemia proba egin zioten, eta atxilotuak 0,55 eta 0,52 miligramoko alkohol tasak eman zituen botatako arnasa litro bakoitzeko. 0,25 miligramoko tasa da baimenduta dagoen gehienezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Ertzaintza Gizartea bideoak Irun bideoak Gaurko azken ordukoa