Gizartea -
Tragedia mendian
19 urteko mendizale bat hil da Udalatx mendian
Erreskate taldeek Arrasateko (Gipuzkoa) mendi horren inguruan topatu dute gaztearen gorpua gaur 02:30 aldera, malda batetan behera erorita.
Erredakzioa
Erreskate taldeek 19 urteko mendizale baten gorpua aurkitu dute gaur goizaldean Arrasateko (Gipuzkoa) Udalatx mendian, ustez maldan behera erorita, Ertzaintzak prentsa-agiri bidez jakitera eman duenez.
Arrasateko espeleologia talde bateko koordinadorea zen gaztearen senideek atzoko 22:00ak aldera eman zuten abisua, gaztea Udalatx mendira bakarrik joan zela eta etxera itzuli ez zelako.
Orduan, Eusko Jaurlaritzaren Larrialdien Arretarako teknikari batek zuzendutako bilaketa-taldea jarri dute abian, Ertzaintzaren, gaztearen lagunen eta herriko espeleologia taldeko kideen laguntzarekin.
02:30 aldera gaztearen gorpua aurkitu dute, eta dirudienez, maldan behera erori zen eta zaurien ondorioz hil zen. Beharrezko izapideak osatu ostean, gaztearen gorpua Donostiako Auzitegi Medikuarenera eraman dute.