Gizartea -
Denboralea
'Xhyntia'k 57 hildako utzi ditu Europan, horietako 50 Frantzian
François Fillon lehen ministro frantziarrak "hondamendi nazional"tzat jo du egoera eta azpimarratu du "oraindik zenbait pertsona desagertuta" daudela.
Erredakzioa
Gutxienez 57 pertsona hil dira Europan Xynthia ekaitzaren eraginez, asteburuan. Frantzian 50 hil dira, hiru Espainian, beste horrenbeste Alemanian, eta beste bat Portugalen.
François Fillon lehen ministro frantziarrak "hondamendi nazional"tzat jo du egoera eta azpimarratu du "oraindik zenbait pertsona desagertuta" daudela.
Pays de la Loire eskualdeko Vendée departamendua izan da kaltetuena; gutxienez 29 pertsona hil dira bertan. Loire-Atlantique departamenduan, eskualde berean, furgoneta itsaso parean aparkatu zuten bi adineko hil dira itota. Charente-Maritime departamenduan (Poitou-Charentes eskualdea) gutxienez sei lagun hil dira eta bi desagertuta daude.
Portugalen, 10 urteko neskato bat hil zen arbola batek jota, eta Alemanian hiru pertsona hil dira modu berean.
Xynthiak alerta egoeran du orain Danimarka, eta Ingalaterran eta Galesen ere uholdeak izateko arriskua handitu da eurite handien eraginez.
Arazoak garraioan
Ekaitzak arazo handiak eragin ditu aireko eta lurreko garraioan Europan zehar. Hala, Alemanian, Frankfurteko aireportuan hegaldien % 10 bertan behera geratu ziren atzo, eta trenen joan-etorriak ere nabarmen kaltetu ziren errailen gainera zuhaitzak erori zirelako.
Bestalde, Air Francek ehundik gora hegaldi bertan behera utzi zituen atzo Frantziako Estatuan, eta Parisen hegaldien erdiek ezin izan dute aireratu. Abiadura handiko trenen zerbitzua ere etenda egon da zenbait orduz eta zenbait tartetan.