Gizartea -
Urte eta erdiz jardun dute
Bost atxilotu, enpresariei milioika eurotako iruzurra egiteagatik
'Siempre Comisiones Bajas S.L.' izeneko enpresak telemarketing bidez topatzen zituen bezeroak. Behin dirua jasota, bezeroarekin zuten harremana eten eta desagertu egiten ziren.
Erredakzioa
Estatu osoko enpresariei iruzurra egiten zien sarea desegin du Guardia Zibilak. Bost lagun atxilotu dituzte eta seigarren bat auzipetu. Iruzurra milioika eurotakoa dela uste dute, izan ere, urte eta erdiz aritu dira legez kanpoko jardun horretan.
Polizia-operazioa Madrilen (El Escorial, Comenarejo eta Las Rozas herrietan) eta Menorcan (Mahon herrian) burutu dute. Atxilotuen etxeak miatu dituzte eta aipatu enpresaren Las Rozasen duen "luxuzko egoitza soziala" ere bai.
Ikerketa lanak 2009ko martxoan hasi zituzten, kaltetutako enpresari batzuek ''Siempre Comisiones Bajas S.L.'' konpainiak iruzur egin ziela salatu ostean. Telemarketing zerbitzuaren bidez jartzen ziren harremanetan euren bezeroekin eta biktimak telefono-gidaren bitartez hautatzen zituzten.
Iruzurra egiteko modua
Elkarrizketen bitartez, iruzurgileak bezeroaren inguruko informazioa biltzen zuen, enpresariaren negozio-esparrua ezagutzeko eta bestelako datuak lortzeko.
Behin bezeroa erakarrita, sarearen arduradun bat jartzen zen harekin harremanetan eta enpresariak produkturen bat saltzen zion, diru kantitate txiki baten truke, baina errentagarritasun handia jasoko zuela aginduz. Bezeroaren konfidantza apurka-apurka irabazita, iruzurgileak diru kantitate handiak inbertitzeko konbentzitzen zuen enpresaria, burtsako baloreetan edo higiezinetan erabiltzeko zela esanez. Behin dirua eskuan, ez ziren gehiago bezeroarekin harremanetan jartzen eta irudi ona eta sinesgarria emateko erabiltzen zuten egoitza abandonatu egiten zuten.
Guardia Zibila egoitza horietan topatutako dokumentazioa aztertzen ari da, iruzuarraren biktima gehiago identifikatzeko eta iruzurgileek lortu zuten diru kantitate zehatza zein izan zen egiaztatzeko. Milioika euro direla uste dute, izan ere, sare horrek urte eta erdiz jardun zuen.