Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
17 urteko neska bat bortxatu dute Barakaldoko diskoteka batean
Biktimak salatu duenez, bortxaketa larunbat goizaldean jazo zen. Gazte batzuek komunean atxiki zuten neskatoa eta erasotzaileetako batek bortxatu egin zuen.
Radio Euskadi
17 urteko neska batek joan den larunbatean Barakaldoko diskoteka batean bortxatu egin zutela salatu du.
Biktimak jarritako salaketaren arabera, erasoa larunbat goizaldeko 05:00ak inguruan jazo zen, Barakaldoko MegaPark zentro komertzialeko Rock Star diskotekaren komunetan. Komunera zihoala, mutilen bainu-gelaren aurretik igaro zen eta orduan zenbait gaztek bere borondatearen aurka atxiki zuten.
Erasotzaile horietako batek bortxatu egin zuen eta biharamunean Ertzaintzak Santurtzin duen komisaldegian salaketa jarri zuen. Ertzaintzak ikerketa bat jarri du abian gertakaria argitzeko eta erantzuleak atxilotzeko. Aipatzekoa da urtarrilean beste bortxaketa saiakera bat izan zela inguru berean. Max Ocio merkatalguneko langile bati lapurreta egin zion gizonezko batek eta bortxatzen saiatu zen. Emakumeak ihes egitea lortu zuen. Pasabide batetik salto egin eta hotel batean laguntza eskatu zuen. Zenbait hezur hautsi zituen ihes egiterakoan.