Gizartea -
Gasteiz
Absolbitu egin dituzte 2012ko martxoaren 3ko istiluetako auzipetuak
Sei gazteen aurkako froga nahikorik ez dagoela ebatzi du epaileak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2012ko martxoaren 3an Gasteizen jazotako istiluetan hainbat ertzaini erasotzea egotzi zieten sei gazteak absolbitu egin dituzte, horien aurkako froga nahikorik ez dagoela ebatzita.
Zigor Arloko 2. Epaitegiak azaldu duenez, istiluak 19:50ean jazo ziren, 1976ko martxoaren 3ko gertakizunak oroitzeko urtero antolatutako manifestazioaren ostean.
2012ko egun hartan, 200-300 pertsonak eserialdia egin zuten Olaguibel kalean, Gobernu Zibilaren aurrean, eta ibilgailuen zirkulazioa galarazi zuten.
Ertzaintza bertaratu zen, eta taldeko buruak identifikatzen saiatu zen zituen, tartean auzipetuetako bi. Ondoren, istiluen aurkako materiala erabiliz, oldartu egin zen horien aurka, uko egin baitzioen identifikatzeari.
Hiru ertzain zauritu egin ziren operazio horietan, baina epaileak ebatzi du ezin izan dela frogatu akusatuek eraso edo kolpatu izana.
Are gehiago, zalantzan jarri du ertzainetako biren zauriak eraso baten ondorio izatea edo operazioan egin izana. Gainera, auzipetuek ukatu egin dute eserialdian parte hartu izana, eta ezin izan da frogatu aurkakoa.
Horrenbestez, epaitegiak absolbitu egin ditu. Fiskalak bi urte eta erdi arteko espetxe zigorrak eskatu zituen.