Gizartea -

Huesca

Oiartzungo mendizale bat hil da, Pirinioetan erorita

Hildakoak 58 urte zituen, eta erorikoa izan du Benasquen (Huesca) dagoen Alba gailurrera bakarkako ibilaldia egiten ari zela.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibileko adituek 58 urteko Oiartzungo mendizale baten gorputza erreskatatu dute gaur. Mendizaleak erorikoa izan zuen Benasquen (Huesca) dagoen Alba gailurrera bakarkako ibilaldia egiten ari zela.

Abisua atzo gauean eman zuen emakume batek telefono bidez. Emakumeak esandakoaren arabera, bere senarra asteazkenean atera zen mendi-ibilbide bat egitera Benasque ingurutik, eta ordutik berarekin harremanetan jarri ezinik zebilen.

Aire bidezko bilaketa operatiboa martxan jarri ostean, mendizalearen lagun batek agenteei jakinarazi zien hildakoa Alba gailurrera igotzeko asmoa zeukala.

Gaur goizean eguraldi kaskarra egiten zuenez, ezinezkoa izan da Guardia Zibilaren helikopteroa aireratzea, eta erreskate-taldeak oinez egin behar izan ditu bilaketa-lanak.

Bi orduko bilaketaren ostean, mendi-bide aldamenean txano bat eta bastoi bat aurkitu dituzte, malda handiko elur kanal batean.

Mendizalearen hilotza malda berean topatu dute erreskate-taldeko kideek. Beste kide batzuen laguntza behar izan dute hilotza helikopteroarentzat egokiagoa zen beste leku batera eramateko.

Dena dela, azkenean helikopteroak ezin izan du lur hartu; ondorioz, operatiboko lau kidek helikopterora igo behar izan dute gorputza. Ondoren, Boltaña herrira eraman dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Gizartea bideoak Oiartzun bideoak Gaurko azken ordukoa Mendi eta trekking albisteak Zer gertatu da Aragoin? Mendizaleen istripuak Pirinioak