Gizartea -
Nafarroan
Epaiaren zain utzi dituzte Laffage auzian aurkeztutako helegiteak
Akusazioak helegitearen argudioak defendatu ditu. Horien arabera, Laffagerena hilketa izan zen, eta ez homizidioa. Horrenbestez, Yllanesi zigorra gogortzeko eskatu dute.
Erredakzioa
Nafarroako Auzitegi Gorenak epaiaren zain utzi ditu bai defentsak eta baita akusazioek aurkeztu dituzten helegiteak, Nagorre Laffage gaztearen auzian. Jose Diego Yllanesek Naffage hil zuen eta, ondorioz, 12 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten.
Gaur, Epaitegian helegiteak aztertzeko saioa egin dute, Kanpoan, Laffageren familiari babesa adierazteko elkarretaratzea.
Gaurko bistan, akusazioak bere helegitearen zergatiak defendatu ditu. Honen arabera, Nagore Laffagerena hilketa izan zen, eta ez homizidioa. Auziko epaiarekin bat eta datoz, eta Yllanesi zigorra gogortzeko aho batez eskatu dute salaketako abokatuek.
Akusazioaren esanetan, Yllanesek azpikeriaz hil zuen Nagore gaztea, aurretik "jipoi izugarria" eman baitzion. Hiltzaileak esku bakar bat erabiliz ito egin zuela azpimarratu dute abokatuek. Ondorioz, Laffage babesgabe zegoela ondorioztatu dute.
Hil aurretik Laffageri 35 bat kolpe eman zizkiola adierazi dute. Bere burua defendatzeko gauza ez zenean, Yllanes-ek hil egin zuen.
Familiak argudiatutako bigarren puntuaren arabera, medikuak neskaren gorpua zatitzen saiatu zen, baina "egin behar zuenaz ohartu zenean, utzi egin zuen".
Laffage familiako abokatuekin batera, Irun eta Iruñeako Udalek, Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Nafarroako Gobernuaren Berdintasuneko Institutuko abokatuak ere helegiteak aurkeztu dituzte.
Ondoren, Yllanesen defentsako abokatuak hitz egin du. Izan ere, medikuari zigorra murrizteko eskatuko du (12 urte eta erdiko espetxea baino gutxiago, beraz). Bi aringarri aipatu ditu abokatuak, medikua ez zela bere buruaren jabe Nagore hil zuenean, eta hilketa aitortu egin duela.
10-15 eguneko epean epaia jakinaraziko dute.
Epaia
12 urte eta erdiko espetxe-zigorra ezarri zioten Jose Diego Yllanesi Nagore Laffage hiltzeagatik, fiskalak eskatutako zigorra, hain zuzen ere. Herri-epaimahaiak egotzi zion homizidioa Jose Diego Yllanesi eta epaileak astebeteko epea izan du epaia erabakitzeko.
Nafarroako Auzitegi Nagusiak jakitera eman zuenez, epaileak kontuan hartu du Yllanesek kalte-ordainak (120.000 euro amarentzat eta beste horrenbeste aitarentzat eta 80.000 euro Nagoreren nebarentzat) ordaindu dizkiola Laffage sendiari eta gertakarien egunean mozkortuta zegoela.
Herri-epaimahaiaren erabakia ezagutu ostean, fiskalak 12 urte eta sei hilabeteko espetxealdia eskatu zuen Yllansentzat; akusazio partikularrak, berriz, 15 urteko zigorra.