Gizartea -
Jaurlaritzaren datuak
HIESa daukatenen heren batek ez daki kutsatuta dagoela
Eusko Jaurlaritzak iragarri du handitu egingo duela HIESaren probak egin ahal izateko farmazia kopurua.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoan, HIESarekin kutsatutakoen artean herenak ez daki birusarekin infektatuta daudenik. Datu hauen aurrean, Eusko Jaurlaritzak HIESaren probak egin ahal izateko farmazia kopurua handitu egingo duela iragarri du gaur. Test horien bidez, emaitzak 15 minututan lortzen ditu erabiltzaileak.
Jesus Maria Fernandez Osasun sailburuordeak gaur azaldutakoaren arabera, HIESaren aurkako borrokan "erronka garrantzitsuenetarikoa" diagnostikoa jakitearen unea aurreratzea litzateke.
Infektatutako gazte asko EAEko ospitaletan ingresatu egiten dute eta, askotan, hil egiten dira edo arrasto larriak izaten dituzte.
Antzematen diren kasu berri askotan (% 40) gaitza oso garatuta egoten da eta, ondorioz, tratamendua zaildu egiten da. "Hilabete batzuk lehenago hiesaren testa egin izan bazuten, tratamenduan egongo ziren, ez ziratekeen hilko eta euren bizi-itxaropena 70 urtekoa izango litzateke, gainerako biztanleen antzera", azaldu du.
Testa egin zuten herritarren % 7,8 atzerritarrek osatzen dute, batez ere latinoamerikarrak, eta batez besteko adina 36,1ekoa da. Azterketa egiteko arrazoi nagusia harreman sexualak dira.