Gizartea -
Elurrezko bola bat zen
Izotzak Lurra estali zuen, geologoen arabera
Glaziazio honek gutxienez 5 milioi urteko iraupena izan zuen, Harvardeko unibertsitateko zientzialari talde baten esanetan. Kanadan aurkitutako harkaitzak aztertu dituzte geologoek.
Erredakzioa
Izotza ekuatorera arte heltzen zen duela 716,5 milioi urte, AEBetako geologo talde baten esanetan. Garai hartan Lurra elurrezko bola bat zela baieztatzen du horrek.
Harvardeko unibertsitateko zientzialari talde batek aurkikuntzaren berri eman du Science zientzia aldizkariaren azken edizioan. Geologoek Kanadako ipar-ekialdean aurkitutako harkaitzak aztertu dituzte. Harriak urrutiko leku batean aurkitu dituzte eta jatorri tropikala dute.
Glaziazio honek gutxienez 5 milioi urteko iraupena izan zuen, Francis Macdonald azterketaren egileak azaldu duenez.
''Lurra, elurrezko bola'' teoria paleoklimatikoa da. Teoria horren arabera, zenbait glaziazio izan ziren Lurrean eta izotzak erabat estali zuen: Sturtiana glaziazioa (duela 710 milioi urte), Ghaub (duela 635 milioi urte) eta Gaskiers (orain dela 580 milioi urte).
Bizitzaren aterpeak
''Lurra, elurrezko bola''n ere, tenperaturaren aldaketak zeuden eta izotza dinamikoa zen, ondorioz, urezko zona handiak utziko zituen animalien eta bizitzaren aterperako, esan du Macdonaldek.
Kanadako Yukon eskualdean aztertutako harkaitzek izotz biltegiak zituzten eta baita beste glaziazio zantzu batzuk ere: Klasto ildodunak, izotzak ekarritako hondakinak eta sedimentu bigunen deformazioa.
Sumendiak
Glaziazioa eragin zuten arrazoiek eta zergatik amaitu zen ez dakite zientzialariek, baina Alaskatik Ellesmere uharteraino (Kanadako iparraldean) hedatzen zen 1.500 kilometroko lurralde igneo bat zegoen garai horretan, horregatik sumendien ekintzak zerikusia izan dezake.