Gizartea -

San Jose galeoia

Xabier Alberdi: 'Euskal ontzigintza munduko ontzigintzaren ondarea da'

Abendua hasieran Kolonbiako uretan aurkitu zuten XVII. mendeko San Jose galeoia Gipuzkoan egina da, eta bere iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egin dugu Albaolako Ikerketa Saileko arduradunarekin

Xabier Alberdi Albaolan eraikitzen ari diren San Juan baleontziaren barruan.Argazkia: Mendi Urruzuno
Xabier Alberdi Albaolan eraikitzen ari diren San Juan baleontziaren barruan.Argazkia: Mendi Urruzuno
Xabier Alberdi Albaolan eraikitzen ari diren San Juan baleontziaren barruan.Argazkia: Mendi Urruzuno

Onintza Aiestaran | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1708ko ekainaren 8an Karibeko uretan hondoratu zen San Jose galeoia aurkitu duela iragarri zuen 2015eko abenduaren 5ean Kolonbiako Gobernuak. Urrez eta zilarrez beteta omen dago, eta barruan gorderiko altxorrak 17.000 milioi dolarretako balioa duela kalkulatzen dute adituek. Dena den, urreak-urre eta zilarrak-zilar, ontziaren beraren jatorrian eta historian jarri dugu arreta; izan ere, Espainiako Koroak enkargatutako itsasontzia Gipuzkoan eraiki zen XVII. mendearen amaieran. Hala, San Joseren jatorria eta historia ezagutzeko Xabier Alberdi Albaola Itsas Kultur Faktoriako Ikerketa Saileko arduradunarengana jo dugu.

San Jose galeoia Mapilgo ontziolan (Aginagan), Orion eta Pasaian eraikia izan zela zabaldu da. Zer dakigu eraikuntza prozesuaz?

Bai, leku bakoitzean eraikuntzaren fase ezberdin bat burutu zen. Kaskoaren zatirik handiena Aginagako Mapil ontziolan eraiki zen, baina Orioko moilan bukatu zen kaskoa. Gerora, Pasaiara eraman zuten eta han mastak, popako gazteluak edo puenteak jarri zizkioten, nolabait esateko, gainegiturak.

Zenbat denbora behar izan zuten?

Ez da erraza zehazki zenbat hilabetetan egin zuten jakitea. Ontzi horri lotuta hainbat gatazka izan ziren eta, ondorioz, eraikuntza prozesua luzatu egin zen. Mapilen eraikitzen hasi eta Oriora eraman bitartean istiluak izan ziren (epaiketak tartean) eta, denbora batez, eraikuntza etenda egon zen. Dena den, badakigu antzerako ontziak gutxi gorabehera urtebetean egiten zituztela garai hartan. Kontuan izan behar da industria oso bat zegoela martxan (eskulana, materiala) eta atzetik sare oso bat ere bazegoela, hau da, ez zela nolabait hutsetik hastea.

Datu batzuk mahaiaren gainean jartzearren, kontratua 1696an sinatu zen, 98an uretaratu zuten ontzia eta 1699an amaitu zuten Pasaian.

San Jose galeoiaren eraikuntza prozesu hori polemikoa izan omen zen. Zergatik?

Bai, bi kontuk eragin zuten gatazka: ontziaren eraikuntza tokiak eta Mapilgo ontziolatik Oriora eramateko zailtasunak.

Pedro de Aróstegui kontratistak (asientista ere deitua) Espainiako erregearekin kontratua edo asientua sinatu zuen 1696an bi itsasontzi eraikitzeko: San Jose eta San Joaquin. Asientu edo kontratu horren arabera, Errenteriko Basanoaga ontziolak eraikiko zituen. Hala ere, azken unean Arósteguik erabaki zuen eraikuntza Errenteriatik Mapilera, Oria ibaira, eramatea. Aldaketa hori ez zitzaion batere gustatu Errenteriako Udalari. Errenteria ere garai hartan itsasontzi handien eraikuntzan espezializatuta zegoen eta bertako ontziolek eta ontzigileek sona handia zuten; Arósteguik, ordea, Errenteria albo batera utzi eta lanak konpetentziara, Oria ibarira, eramatea erabaki zuen. Hortik errenteriarren haserrea.

San Jose galeoia, argazkia: Samuel Scott

San Jose galeoia lehertu zen unea. Irudia: Samuel Scott

Bigarren gatazka puntua San Jose galeoia Mapildik Oriora eramateko zailtasuna izan zen. Aldaketa bat izan zen San Jose eta San Joaquin galeoien eta aurretik egin ziren itsasontzien artean. Zein? Lehenago eraikitako itsasontzi horien kasuan, Mapilen kaskoaren lehendabiziko kubierta edo solairura arte bakarrik egiten zuten (itsasontzi hauek hiru kubierta ?hiru solairu- izaten zituzten), gerora, Oriora eramaten zuten eta han, edota zenbaitetan Pasaian, eraikitzen zituzten gainerako solairuak. Kasu honetan, Mapilen bi kubierta egin zituzten eta hirugarrenarena egiten ere hasi ziren. Horrek zer suposatzen zuen? Itsasontziak askoz ere zama gehiago, sarkura gehiago zeukala eta ezin zuela Oria ibaian behera pasa. Gainera, Aginagako komunitateak eta Orioko udalerriak izokinak harrapatzeko nasak jartzen zituen Oria ibaian garai hartan. Nasak egurrezko egitura handiak ziren eta presa baten funtzioa egiten zuten, hau da, ibaiaren pasabidea itxi egiten zuten eta arrainak zulo batera bideratzen zituen. Nasa horiek errioaren zati handi bat hartzen zuten eta, itsasontzi txikiek gora eta behera ibiltzeko arazorik ez bazuten ere, San Jose bezalako "munstro" handientzat arazo handia zen. Ontzigileek nasak kentzeko eskatu zien aginarrei eta oriotarrei, harik eta itsasontziak pasatu arte. Alabaina, nasa horiek kentzeak eta berriz eraikitzeak kostu handia zeukan eta nork hartu behar zituen bere gain gastu horiek? Auziak epaitegietan amaitu zuen. Azkenean, itsasgora handi bat baliatu eta izokinak harrapatzeko nasari zati bat kenduta eta bidean zeuden haitzak bolborarekin leherrarazita, San Jose Aginagatik Oriora eramatea lortu zuten.

Baina Orion ez da bukatzen San Joseren eraikuntza prozesua. Nola eraman zuten Oriotik Pasaiara?

Oriotik Pasaiara atoian eraman zuten. Gaur egun, atoiontziak daude lan horiek egiteko, baina XVII. mendearen amaieran ez zegoen horrelakorik. Hala, Orioko portuko 4-6 txalupa kaskoari amarratu zizkioten eta Orioko marinelek arraunean eraman zuten Pasaiara. Orioko marinelak lan horretan espezializatuta zeuden.

Ontzia egiteko materiala nondik atera zuten? San Jose galeoia Gipuzkoan egina da bai, baina bertako materialekin?

Bai, egurra ez ezik dena zen hemengoa. Ziurrenik, eraikuntza tokia Errenteriatik Oriara aldatzeko arrazoi nagusia materialaren gorabehera bat izan zen. Usurbilen, Andatza mendian, haritzez beteriko basoa zegoen eta bertatik ateratako egurra ontzigintzara bideratzen zen. Finean, horrelako itsasontzi bat egiteko jende asko mugitzen zen: arotzak (ehunka), basoan lan egiten zutenak, arrantzale eta marinelak, nekazariak, ? Denak ontzigintzaren inguruan zebiltzan dantzan.

Zein dira San Jose galeoiaren ezaugarriak?

1.000 tonatik gorako gaitasuna, kapazitatea edo bolumena zeukan. Benetan oso-oso handia zen. Garai hartan eraikitzen ziren galeoiak 600-700-800 tona ingurukoak izaten ziren eta horrek, ostera, 1.000tik gora zituen (ez zen 1.100 tonara iristen). Ez ditut luzera eta zabalerari buruzko datu zehatzak aurkitu, baina luzeragatik eta zabaleragatik (mastak eta jarrita eta abar) konparatu dezakegu eliza handi batekin. Konparaketa bat egiteko, Albaolan eraikitzen ari garen San Juan ontzia 200 tonakoa da eta bost aldiz handiagoa zen San Jose.

Galeón San José Galeoia

Karibeko uretan San Jose galeoiaren arrastoak aurkitu dituzte. Argazkia: EFE

San Jose galeoiak ba al dauka berezitasunik?

Garai oso interesgarria da XVII. mende bukaera hori. Zergatik? Galeoietan aldaketak egiten hasi zirelako. Galeoi horien helburua Espainia eta Amerika arteko merkataritza zen eta espezializatuta zeuden zilarra garraiatzen (horregatik itsasontzi horrek barruan duen altxorra). XVII. mendean zehar komertzio horren monopolioaren gunea Sevilla zen. Orduan, itsasontzi horiek (Amerikarekin merkataritzan jardun behar zutenak) Sevillatik irten eta Sevillara iritsi behar zuten, Guadalquivir ibaian barrena. Ibaiaren mugak tarteko, ezin ziren nahi bezain itsasontzi handiak eraiki. XVII. mendeko azken hamarkadan, ordea, monopolio horren gunea Sevillatik Kadizera aldatu zen, eta itsasontzi handiagoak egiteko prozesua hasi zen; San Jose trantsizio garai hartan sortutakoa da.

Bestalde, Antonio Gaztañeta ontzigile mutrikuarrak Pasaiatik Kadizerako bidaia San Jose ontzi barruan egin zuen eta, ontziaren eraikuntza prozesuan parte hartu ez bazuen ere, hainbat berrikuntza eta konponketa egin zizkion ontziari. Orduan, itsasontzi interesgarria da trantsizio garai horretakoa delako.

Albaolak ba al du San Joseren inguruan zerbait egiteko asmorik?

Guk gure aldetik, Albaolatik, hainbat kontaktu egin ditugu, zilarra-zilar eta urrea-urre, ontzia bera interesgarria iruditzen zaigulako. Zein egoeratan dagoen, zer asmo dauden, eta etorkizunerako zer aurreikusten den jakin nahi dugu. Ikerketa ildoekin lotuta, interesa daukagu ikerketarik egiten bada bertan parte hartzeko edo behintzat ikerketaren emaitzen berri izateko. Nazioarteko komunitatearen aurrean esan beharko genuke euskal ontzigintzak eragina izan zuela mundu osoko ontzigintzarengan. UNESCOk San Juan ontzia munduko ondare izendatu zuen, baina euskal ontzigintzak behar luke izendapen hori. Benetan, euskal ontzigintza munduko ontzigintzaren ondarea da eta guri dagokigu hori aldarrikatzea.

San Jose galeoia, hondakinak, argazkia: EFE

San Jose galeoiaren barruko altxorrak 17.000 milioi dolarreko balioa izan dezakeela diote adituek. Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa Espainia Gizartea albisteak Orio Gaiak sakonean Pasaia albisteak Usurbil Albisteak