Gizartea -
Polemika Elizan
Gipuzkoako 250 apaizek Pagolaren kontrako "jazarpena" salatu dute
Gutun bat idatzi dute Jose Antonio Pagola teologoari elkartasuna helarazteko, Jesus. Hurbilketa historikoa liburudendetatik kentzeagatik "tratu txarra" jasaten ari delakoan.
Erredakzioa
Gipuzkoako 250 apaizek gutun bat idatzi dute Jose Antonio Pagola teologoari elkartasuna adierazteko eta hark jasaten duen "jazarpena" eta "tratu txarra" salatzeko, Jesus. Hurbilketa historikoa liburua dendetatik kendu dutelako.
2007an argitaratu zuten liburua eta liburudenda elizkoietatik kendu du PPC argitaletxeak, nahiz eta 70.000 aletik gora saldu.
Liburua argitaratu zenetik, Jose Maria Setienen bikario izan zena polemikaren erdian egon da beti, izan ere, Gotzaitegiko Fedearen Dotrinarako Batzordeak Jesusen historia "desitxuratzea" leporatu zion Pagolari 2008an argitaratutako agiri batean.
Apaizek "elkartasuna" agertu diote Pagolari, liburua argitaratu zuenetik "tratu txar psikologikoa" eman diotelako.
"Mina ematen digu berez zutaz eta zure ongizate pertsonalaz kezkatu beharko luketenek hedabideetan gauzatu duten prozesuak", adierazi du apaizek Pagolari zuzendutako gutunean.
"Nondik igorri dute agindua?, nor dago horren atzean?, zergatik eragiten dio argitaletxe bakarrari?", galdetu dute apaizek, izan ere, "zaila da pentsatzea argitaletxe batek erabaki hori hartzea ikaragarri pila saltzen ari zen liburu batekin".