Gizartea -
Espainiarrak askatzeko
Zenbait preso islamista aske uztea eskatu du Al Kaidak Mauritanian
Kataluniako hiru boluntario bahituak askatzeko Al Kaidak presoak aske uztea eskatu duenik ez daki Espainiako Gobernuak, Moratinosen ahotan, eta "beste zurrumurru bat" dela erantsi du.
Erredakzioa
Mauritanian zenbait preso islamista aske uztea eskatu du Magrebeko Al Kaida erakundeak (AQMI), Maliko iparraldean bahituta dituen hiru boluntario espainiarrak askatzearen truke, negoziaketako iturriek gaur jakitera eman dutenez.
Pierre Camatte bahitu frantziarra aske uztearen truke, presoak askatzea eskatu zuen Al Kaidak. Otsailaren 23an askatu zuten Camatte. Bahituta den Italiako bikotea askatzeko ere eskaera berdina egin zuten bahitzaileek, baina Espainiako boluntarioen kasua ez zuten aipatu azken komunikatuetan.
Espainiarren kasuan, aldarrikapen hori ez izateak eta Maliko agintariak baikor agertu izanak Alicia Gamez, Roque Pascual eta Albert Vilaltaren askapena lortzeko erreskate ekonomiko baten oinarrituko zela aditzera ematen zuten.
Bahiketaren amaiera
Presoak askatzeko eskakizunak hiru boluntario espainiarren bahiketaren amaiera zailago egin dezake, iturri berdinen arabera.
Mulay Uld Mohamed Lagdaf Mauritaniako lehen ministroak atzo Nuakchoten adierazi zuenez, bere herrialdeak "ez du sekula terroristekin negoziatuko", presoak bahituen truke askatzeko.
Accio Solidaria Bartzelonako gobernuz kanpoko erakundeko hiru kideak azaroaren 29an bahitu zituzten Mauritanian, laguntza zeramatenean. Gero Maliko iparraldera eraman zituzten.
Moratinos
Kataluniako hiru boluntario bahituak askatzeko Magrebeko Al Kaidak zenbait preso aske uztea eskatu duenik ez daki Espainiako Gobernuak, Miguel Angel Moratinos Atzerri ministroaren hitzetan. "Beste zurrumurru bat" dela erantsi du Moratinosek.