Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa indartu dute, Bilbon
Iñaki Azkunak eta Rodolfo Aresek gaur sinatutako akordioari esker, Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak informazioa eta bitartekoak konpartituko dituzte emakumeei laguntzeko.
Erredakzioa
Bilboko Udalak eta Ertzaintzak protokolo berri bat sinatu dute gaur, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko elkarlana sendotzeko, biktimei laguntzeko eta haien eskuragarri bitarteko polizialak eta juridikoak jartzeko.
Hitzarmena Iñaki Azkuna alkateak eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak sinatu dute gaur goizean.
Iñaki Azkunaren arabera, protokolo berria "aurrera pauso bat da" biolentzia matxista desagerrarazteko bidean eta biktimenganako arreta hobetzeko.
Rodolfo Aresen ustez, emakumeen eta gizonezkoen arteko ezberdintasunak "forma askotan" irudikatzen direla, "baina adierazpenik basatiena" genero indarkeria dela. "Emakume bati tratu txarrak ematen dizkiona gaizkile bat da eta gizartearen bazterketa igarri behar du", nabarmendu du.
2009an, indarkeria matxistaren 885 kasu izan ziren Bilbon eta emakume bizkaitarren % 3,3k biolentzia matxista pairatu duela onartu dute.
Aresek esan duenez, "guztion lana da arazo honekin amaitzea". Hori dela eta, horrelako protokolo gehiago sinatuko dituztela iragarri du, baina ez du udalerrien izenik eman.
Bitarteko polizialak eta juridikoak
Aipatu hitzarmenaren bitartez, Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak informazioa, bitartekoak eta metodologia konpartituko dute, biktimei laguntza integrala emateko asmoz, izan ere, bitarteko polizialak, juridikoak eta sozialak jarriko dituzte haien eskuragarri.
Zehazki, akordioak dio bi gorputz polizialek eskuartean dituzten biolentzia matxista kasuei buruzko informazioa elkartrukatuko dutela eta 72 orduko epea izango dute batak besteari kasu berri baten inguruko xehetasunak emateko.
Horrez gain, larrialdiko kasuetan informazioa derrigorrez eman beharko dute eta kasu horietan jarduteko eskumena konpartitua izango dute.