Itxi

Gizartea

Gerra Zibilean hildakoa

Gudari baten gorpuzkiak lurpetik atera dituzte Larrabetzun

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Paco Etxeberria forentseak zuzendutako Aranzadi Elkarteak burutu ditu lanak larunbat honetan, Urkullu mendian, hain zuzen ere.

1:31

Paco Etxeberria antropologoak zuzendutako Aranzadi Elkarteko teknikari talde batek Gerra Zibilean hildako gudari baten gorpuzkiak lurpetik atera ditu larunbat honetan Larrabetzun (Bizkaia). Litekeena da gudaria 1937. urtean hil izana. Haren gorpuzkiak Urkulu mendian aurkitu dituzte.

Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzako Biktimetarako eta Giza Eskubideetarako zuzendari Monika Hernando eta Larrabetzuko alkate Iñigo Gaztelu bertan izan dira. Aranzadi Elkarteak Karraderan tokiko elkartearen laguntza jaso du.

Gudari horren gorpuzkiak joan den abuztuaren amaieran aurkitu zituzten, Urkulu mendian, Gamiz-Fika, Morga eta Larrabetzu arteko zonalde batean, Aranzadiko teknikariek egindako ohiko bilaketa batean, hain zuzen ere.

Mendiaren ezkerreko maldan, zehazki, aurkitu zituzten gorpuzkiak: beso bat eta garezur bat; litekeena da pertsona berarenak izatea. Gainera, gerrarekin lotutako material ugari aurkitu zuten, tartean, kartutxo-uhalak, larru-uhaleko zatiak eta bala ugari. Adituek diotenez, tropa errepublikanoak erabilitako materiala da.

Ikerketen arabera, 1937ko ekainean 'Burdinezko Gerrikoa'ren aurka tropa frankistek abiatutako erasoaldian hildako gudari baten gorpuzkiak dira aurkitutakoak.

80 kokaleku

Monika Hernandok eta Paco Etxeberriak plazaratutako datuen arabera, Euskadiko Hobien Mapak 80 kokaleku ditu, eta horietatik hainbatek zenbait hilobi dituzte; 20 Araban, 28 Bizkaian eta 32 Gipuzkoan.

Gerra Zibilean galdutako lagunen bilaketarako eta ikerketarako Eusko Jaurlaritzaren planaren arabera, 2002tik 22 lagunen gorpuzkiak atera dituzte lurpetik. Horietatik hainbat kasutan, gorpuzkiak identifikatu dituzte eta senideei eman dizkiete.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena